Anjel Etxaniz (Telmo Deuneko presidentea): "Pena ematen digu, baina aro bat bukatu da"

Baleike 2016ko urt. 11a, 12:45
Aurten lehorrean geldituko da Telmo Deunen emakumeen trainerua.

Taldea osatu ezinik, Zumaiak aurten ez du emakumeen trainerurik izango. Hurrengo urtean berriro uretan egoteko lan egingo dutela iragarri du Anjel Etxaniz presidenteak, eta aurrerantzean mutilekin landutako eredua jarraituko dutela: "Etxekoekin egingo dugu lan".

2008an emakumeen traineru estropadak antolatzen hasi zirenetik Telmo Deun lehorrean geldituko den lehen aldia da. Emakumeen arrauna sustatzen eta indartzen aitzindari izan da Zumaiako kluba, baina aro baten amaierara iritsi direla aitortu du Anjel Etxaniz presidenteak: «Pena ematen digu, baina aro bat bukatu da. Zumaiak zortzi urte hauetan lan handia egin du emakumeen arrauna indartzen, emaitza oso onak lortu ditugu, baina bagenekien egun hau iritsiko zela eta aurten gertatu da».

Ia urtero bezala, denboraldia amaitzean asko izan ziren arrauna uzteko asmoa agertu zuten arraunlariak. Urtero ez bezala, ordea, aurten ez dira egoerari buelta emateko gai izan. «Urtero gertatu da, nekatuta bukatzen dute eta laga egingo dutela diote askok, baina gero etorri egiten dira. Baina aurten ezberdina izan da». Talde erdiak agertu zuen uzteko asmoa. Haietako lauk jarraitzeko prestutasuna agertu zuten gero, baina baldintzak jarriz: «Esan ziguten Gabonen ondoren baloratuko zutela traineruak Euskotrenen lehiatzeko maila zuen edo ez, eta horren arabera erabakiko zutela. Gabonen bueltan bildu dira eta erabaki dute kluba uztea. Zazpi edo zortzi arraunlari gelditu dira eta horrela ezin trainerua osatu».

Erabakiak pena eman die klubeko arduradunei, etenak zailtasunak ekartzen dituelako. «Gure iritziz garrantzitsuena da uretan egotea, trainerua ateratzea. Mailak ez du hainbeste inporta. Guk esan diegu 13 arraunlari bagaundela eta Orioko eta San Juaneko ordezkoekin osatuko genuela taldea. Baina ez zaie ondo iruditu». Beste talderen batekin bat egiteko aukera ere aztertu dute, baina ez da aukerarik egon. «Getariak eta Zarautzek elkarrekin jarraitzen dute, Oriok berea osatuta dauka; Hondarribiak taldea aterako du aurten, Bizkaian Deustuk ere bai; geu gelditu gara osatu ezinik».

Klubak, baina, emakumeen arraunaren alde jarraituko du lanean. «Aurten bateletan eta trainerilletan aterako gara. Eta datorren urterako trainerua osatzeko lanean jarraituko dugu. Ordurako zortzi kadete izango ditugu trainerura igotzeko moduan. Pena izan da aurtengo etena, gazteek ez dutelako gora iristeko astirik izan».

Aurrera begira, etxeko arraunlariekin egingo dute lan. «Orain arte kanpoko arraunlari asko etorri dira eta horrek lagundu digu traineru lehiakorra osatzen. Baina gauzak okertzen direnean lehenak dira alde egiten. Mutilekin egin dugun bezala, aurrerantzean etxekoekin egingo dugu lan. Mutilen ereduak erakutsi digu bigarren trainerua funtsezkoa dela gurea bezalako klub txiki batentzat».