Aita Mari gogoan izan dute Donostiako kaian

Baleike 2016ko urt. 9a, 18:54

Jose Maria Zubia Zigaran Aita Mari itsasoak irentsi zuela 150 urte bete dira gaur. Haren oroimenezko ekitaldia antolatu dute Donostiako kaian daukan irudiaren parean.

Itsasoak Donostiako Santa Klara irlaren parean eraman zuenetik 150 urte pasa diren arren, ondo gogoan dute oraindik Jose Maria Zubia Aita Mari Donostian. Marinel zumaiarraren oroimenezko ekitaldi xume bezain polita egin dute gaur eguerdian Donostiako kaian, eta han izan dira Donostiako alkate Eneko Goia eta Aldundiko kultur diputatu Denis Itxaso, Untzi Museoko eta Aquariumeko ordezkariekin batera. Zumaiako ordezkaritza ere ez da falta izan.  Gotzon Enbil zinegotzia izan da Udalaren izenean, eta Beheko Plaza abesbatzak bi kanta abestu ditu, Boga eta Kresaletan.  Txalo zaparrada jaso dute, eta publikoan zegoen zumaiar bati malkoren batek ere egin dio ihes, boga boga marinela entzutean, amaieran aitortu duenez... Donostiako Txistulari Bandak ere hartu du parte, eta lore eskaintzarekin osatu da ekitaldia.

Ekitaldia bukatu denean, Aita Mariren eredua goraipatu dute Eneko Goiak eta Denis Itxasok. "Elkartasunaren eredu" jo du Goiak. Itxasok azpimarratu du beharrezkoa dela pertsona eredugarriak gogoan izatea, "ahazten duen herriak ez duelako sekula ikasiko". Eta galdera bota du: "Nire buruari galdetzen diot, 150 urte eta gero, posible ote den gaur egun Aita Marirena bezalako historia bat; baietz pentsatu nahi dut, premia duenarekin eskubazal jokatzeko gai garela gaur egun ere, baina...".

Kaiko ekitaldia amaitu denean, Alde Zaharrera jo dute Beheko Plaza abesbatzako kideek, eta han jarraitu dute kantuan. Bazkalordurako bueltatu dira Zumaiara eta, goizari amaiera jartzeko, Erribera kantoiko Mariren irudiari Boga kantatu diote berriro.

Zumaian urtean zehar

Zumaian hainbat ekitaldi egingo dira urtean zehar Aita Mari gogoratzeko. Asteburu oso jaia antolatuko da bere omenez, herriko hainbat talderen parte-hartzearekin. Data jartzeko dago, baina uztail aldera izango da ziurrenik. Horrez gain, Aita Mariri buruz egon daitekeen informazioa bildu nahi da, gaur egun argitaratuta dagoena osatzeko; hitzaldi zikloa ere antolatu nahi da.