Olentzero hipster bat izan genuenekoa

Baleike 2015ko abe. 25a, 10:18

Eguna amaituta, mahaiaren bueltan afaltzeko elkartu aurretik izan zen nahikoa ekitaldi herrian. Eguerdian, haurrak Niño Jesusen Eskean! etxez etxe zebiltzan bitartean, ikastetxetako ikasle, irakasle, langile eta gurasoez osatutako kalejira atera zen. Eta traktoreak bultzatzen zuen gurdiaren gainean, lehen Olentzero hipsterra. 

Bazkalondoren, 71. urtez jarraian, Gabon korua atera zen Gabon garaiko abestiekin herriko kaleak janztera. Beste urte batez Agustin Zubimendi izan zuen zuzendari urtean behin bakarrik elkartzen den abesbatzak.

Iluntzearekin batera, Olentzerok eta Gomezagok bat egin zuten. Baten jarraigoa menditik jaitsi bazen, bestea txalupa batean etorri zen herrira. Arranplan elkartu ziren eta lehen gauza zahatorik ardo txorrosta bana hartzea izan zen. Handik, joaldun eta trikitilariekin, Kofradiara inguratu ziren. Ikazkinak eta arrantzaleak izango zuten zer hitz egin.

Ordu berean, Beheko Plazan, Erkibe kultur elkarteak antolatutako Gabon abestien lehiaketa ospatu zen. Errepublika garaian hasi zen lehiaketa hau egiten eta Franco hil ondoren, Erkibek hartu zuen lekukoa. Abestien eta jaiotzen arloan ematen dira sariak. Aurten lau izan dira parte hartu duten taldeak eta denentzako izan dira sariak. Bi arloetan irabazle Izar uxoa taldea izan zen. 

Metro batzuk harantzago, jaiotzaren ateak edo, hobe esanda, kortinak zabaltzeko zain zegoen jendea. Idia urduri jarri zen eta edozein arrisku ekiditeko kentzeko erabakia hartu zen. 

Tabernetan ere izan zen, noski, mugimendua, gaueko 9ak jota ateak itxi arte. 

- Bi kriantza eta lau zurito ahal dezunean.

- Ya ixtera goaz.

- Segituan hartuko deu.

- Ezetz!

Tabernariek ere afaldu beharko zuten eta...