Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du Baleike Kultur Elkarteak

Baleike 2015ko abe. 22a, 10:53

Atzo Gasteizen egin zen ekitaldian jaso zuen Baleikeko zuzendari Gorka Zabaletak euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria. 

Ekitaldia Gasteizen ospatu zen atzo eta bertan izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria; Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua; Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Confebaskeko presidente Ramon Larrañaga. 

Bikain Eusko Jaurlaritzak duen ziurtagiria da eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du. Ziurtagiria jasotzeko ebaluazio bat pasa behar da. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluazioari dagokionez, EMEk lau ardatz ditu:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo harremanak
  • Barne harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa

Baleike Kultur Elkarteak goi mailako puntuazioa jaso zuen egindako kanpo ebaluazioan eta hori aitortzen duen urrezko Bikain ziurtagiria jaso zuen. 

Guztira 65 ziurtagiri banatu dira aurten atzo eta aurreko urteekin alderatuta sekulako jauzia izan da, orain arteko media 28 ziurtagirikoa baitzen urtero.

Urola Kostako Hitzak ere urrezko ziurtagiria jaso du eta, Zumaiarekin lotuta, Gerozerlan Otezuri zentroak zilarrezkoa.