Erkibe kultur elkarteak abian jarri du Gabon Abesti Lehiaketaren 37. edizioa

Erkibe Kultur Elkartea 2015ko abe. 9a, 13:30
Derrigorrez abestu beharko den kantaren partitura

Errepublika garaian ospatzen zen eta frankismoaren ondoren berriro antolatzen hasi zen Erkiberen eskutik

Gabonak hurbiltzen doazen heinean eta aspalditik datorren ohiturari jarraituz, Erkibe kultur taldeak gabon abestien lehiaketa antolatu eta bertan parte hartzeko deialdia plazaratu du. Aurtengoa, 37. edizioa izango da, 1978an berriro martxan jarri zenetik.

Lehiaketa hau errepublika garaitik datorren ekimena da. Orduan Eusko Alderdi Jeltzaleak antolatzen zuen, eta frankismoaren diktadurapean etenda egon ondoren, EAJren legeztapenarekin batera berreskuratu zuten lehiaketa Erkibe kultur elkartearen eskutik.

Gabon abesti lehiaketa abenduaren 24an,  arratsaldeko 18:00etan hasiko da Eusebio Gurrutxaga enparantzan, Bai Bidea, Zumaiako Batzoki aurrean. Lehiaketan parte hartzeko izen emateko  epea zabalik dago  eta horretarako Mendaro Marinela kaleko EAJ-PNVren bulegoan edo Eusebio Gurrutxaga plazan dagoen Bai Bidea Zumaiako Batzokian ipinitako orrietan edo ondoko zerrendan, eman behar dute izena egun horretako arratsaldeko 4ak arte.  

Sariketan parte hartu ahal izateko, taldeak gutxienez lau haurrez osaturikoak  izan behar dute,  eta ohiturazko euskal jantziekin. Honekin batera, talde bakoitzak  bere jaiotzarekin aurkeztuko dira .Abestiei dagokionez, bi gabon abesti kantatu beharko dituzte.  Bata, derrigorrezkoa,  antolatzaileek ezarritako “Haur baten bila” eta  bestea taldeak erabakitzen duena. Derrigorrezkoaren partitura batzokian eskura daiteke.  

Lehiaketan kantuaren maila , abeslarien jantzien egokitasuna eta jaiotzaren kalitatea sarituko dira. Saria erabakitzerakoan talde bakoitzak aukeratzen duen gabon-abestiaren eta aurkeztutako jaiotzaren originaltasuna kontutan hartua izango da.  Abesti mailan hiru sari banatuko dira, 70, 40 eta 30 eurokoak. Beste hiru,40, 25 eta 20 eurokoak jaiotzen mailan,

Abesti mailan saririk gabe gelditzen diren taldeek 15€ko ordainsaria jasoko dute. Jantzi eta Jaiotzen mailan berriz 10€koa izango da.

Antolatzaile den Erkibe Kultur Elkarteak dei berezi bat luzatzen die herriko haur eta gurasoei, Zumaiako aspaldiko ohitura jatorrei helduz herriko Gabonak girotzen lagun dezaten.

Erlazionatuak

Gabon Abesti Lehiaketaren araudiak

Erkibe Kultur Elkartea 2015 abe 09 Zumaia