Plan estrategikoaren prozesuko ondorioak aurkeztuko dira

Baleike 2015ko abe. 4a, 19:06

‘Biharko Zumaiara Boga. 2015-2025 Plan Estrategikoa’ prozesuko diagnosi fasean jasotakoaren aurkezpen bilera egingo da abenduaren 16an.

Urrian hasi zen ‘Biharko Zumaiara Boga. 2015-2025 Plan Estrategikoa’ gauzatzeko prozesua, eta ordutik herritarrekin hainbat gai jorratzeko bilerak egin dira. Zazpi, hain juxtu. Lehen dignosi fasea osatzeko informazio eta ekarpen ugari jaso dira, eta abenduaren 16an, 18:00etatik aurrera Alondegiko Oxford aretoan egingo den bileraren helburua da, herritarrekin antolatu diren arlokako bileretan egin diren ekarpenen ikuspegi orokorra aurkeztea.

Bileran, landu diren arlo bakoitzean ateratako ondorio nagusien irakurketa egingo da, modu labur eta bizi batean, eta aurrera begirako urratsak zein diren azalduko da.

Orain artean bileretan parte hartu duten herritar norbanako eta eragileek zuzenean jasoko dute bilerara joateko gonbidapena. Hala ere, orain artean parte hartu ez duten herritarrek ere izango dute bileran parte hartzeko aukera. Bileran parte hartu nahi duten herritarrek aurrez izena ematea komeni da abenduaren 11a baino lehen udaletxera deituta (943 86 50 25, Izaskun Goikoetxeagatik galdetu).