'Gure sor lekuaren bila' dokumentala emango da asteartean, Euskararen Egunaren barruan

Baleike 2015ko aza. 30a, 10:01

Abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Eguna. Horren harira, ekitaldien egitaraua prestatu du Udaleko Euskara Sailak. Bihar, asteartea, 19:30ean, Aita Marin, Gure sor lekuaren bila dokumentala emango da. Sarrera doan izango da. 

Sinopsia:

Euskarazko lehen filmaren aurkikuntzaren istorio harrigarria da, irri batekin kontatua. 1956an Hazparnen Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumental bat estreinatu zen. Hurrengo hilabeteetan Iparraldeko herrietan, Parisen, San Franciscon edota Dakarren proiektatu arren, filmaren arrastoa misteriotsuki desagertu zen. 2013an “Gure Sor Lekua” filmaren kopia bat aurkitu zuen Josu Martinez zinemagileak Parisen; gauza ezezagunekin topo egin zuenean, kamera hartu eta gorabeherak grabatzen hastea erabaki zuen. Filmak suspensea du, eta komedia ere bada une batzuetan, neurri batean zuzendariak bere buruari ere barre egiten diolako.