'Grampian Freedom' ontzia uretaratu du gaur Balenciagak

Baleike 2015ko aza. 26a, 18:36

Bigarrenean bai. Balenciaga enpresak egindako azken ontziak, Craig Group armadore eskoziarrarentzako egindako Grampian Freedomek gaur bazkalondoan ukitu ditu Urola ibaiaren urak. Armadore honentzat azken 13 urtetan egin duen 27. eta azken ontzia izango da. 

Hasiera batean atzo zen uretaratzea egitekoa. Hainbat agintari hurbildu ziren ekitaldia jarraitzera, Arantza Tapia sailburua, Markel Olano diputatu nagusia eta Oier Korta alkatea horien artean. Dena prest zegoen, eguraldia ezik. Haizeteak eta euria nagusi ziren une hartan eta enpresak uretaratzea hurrengo egunerako uzteko erabakia hartu zuen. 

58 metroko luzera duen ontzia da eta propultsiorako eta maniobrak egiteko lau helize ditu, laurak motore elektrikoekin dabiltzanak. Helize hauek itsasoan kokatzeko erraztasuna eskaintzen die.

Ipar Itsasoko petrolio plataformen inguruko zaintza lanak egingo ditu, plataforma hauetatik erorita edo istripu baten ondorioz izan daitezkeen naufragoak berehala jasotzeko. 300 naufrago inguru jasotzeko gaitasuna du ontzia eta bere barruan kirofanoa eta suspertze unitateak ditu zaurituak edo erredurak izan dituztenak tratatzeko.

Bi ontzi azkar ere badaramatza naufragoen erreskate lanetarako. Ontzi hauek oso denbora gutxian bota daitezke itsasora eta 32 korapiloko abiadurak hartu ditzakete.

Erreskate ontzia izateaz gain, plataformetara edateko ura edo gasoila eramateko aukera ere badu. Ontziaren bizkarrean kontainerrak eta beste zamak eraman ditzake baita ere.