«Zumaiako gazte mugimenduaren festa ospatu nahi dugu larunbatean»

Baleike 2015ko aza. 26a, 11:03
Migel Gutierrez, Usue Altuna, Maider Alberdi eta Julen Aperribai Torre Berri gaztetxearen sarreran.

ZUGAk hamar urte bete ditu azaroan. Larunbat honetan, herrian zehar burutuko duten egun osoko egitarau zabalarekin, festa handia ospatuko dute.

Gonbidapena egina dago. "Urte guzti hauetan parte hartu dutenei, orain daudenei, eta parte hartu nahi duen edonori animatu nahi diegu gurekin jai egitera. Ateak guztientzat ditugu irekita" esan dute ZUGAko partaideek.

Orain dela 10 urte sortu zen Zumaiako Gazte Asanblada. Urte guzti hauetan belaunaldi ezberdinen erreleboa eman da, eta etapa bakoitzak bere ezaugarri eta testuingurua izan du. "Ibilbide honetan hainbat etapa izan dira eta, etapa bakoitzak bere jende mota  izan du" kontatu du Migel Gutierrezek. "Funtzionamendu ezberdinak izan ditu asanbladak, eta lanketak ere ez dira berdinak izan. Garai bakoitzak berea izan du" jarraitu du Usue Altunak.

Oxforretik Torre Berrira
Taldearen jaiotza Oxforren eman zen. Hasieran, gazteen aisialdia eta etxebizitza eskubidea lantzeko asmoz sortutako talde txiki baten iniziatiba izan zen, baina pixkana herriko gazteen artean zabaltzen joan zen elkartzeko behar hori. "Hasierako gazte talde haren iniziatibak ekarri zuen gaztetxe mugimendua herrira, eta hortik abiatuta eman zen 2008an ‘Eman o Hartu’ egitasmoa" azaldu du Maider Alberdik. Erkibe etxea okupatu zuten eta gaztetxe bihurtu. Han urtebetez egon ondoren, Torre Berrirako jauzia eman zuten. "Belaunaldi aldaketa gaztetxe berriarekin etorri zen batik bat" azaldu du Usuek.

ZUGAren urteurrena aitzaki hartuta, gazte mugimenduaren festa ospatu nahi dute larunbatean. "Ez da gure festa bakarrik izango. Hemendik, Zumaiako gazte mugimendua ahalbidetu duten hainbat eragile sortu dira, hala nola, Asanblada Feminista, Katxapero konpartsa, Galerna Sarean proiektu komunikatiboa... eta horien festa ere bada" aipatu du Maiderrek.

Egitarau historikoa
Urtean zehar kontzertuak, hitzaldiak, zinema proiekzioak, laburmetrai txapelketa eta abar antolatzen dituzte. "Bakoitzak duen interesezko ekintzak antolatzeko libre da, eta horretan laguntzen dugu" adierazi du Julen Aperribaik.

Larunbatean, urteurren berezirako egitarau historikoa antolatu dute. "Bizi poteo historikoarekin hasiko gara 12etan. Urte guzti hauetan guretzat esanguratsu izan diren lekuetatik pasako gara. Hala nola, Oxforretik hasiko gara, Gernikako parketik, gaztetxe zaharretik eta Amaiako plazatik pasatuz, Torre Berrin bukatzeko. Leku bakoitzean bertan gertatu zena kontatuko dugu" azaldu du Maiderrek. Bazkariarekin jarraituko dute eta arratsaldean birziklatutako instrumentuekin batukada egingo dute herrian zehar. Ondoren, festak Torre Berrin jarraituko du bertsio gauarekin.