XIX. mendeko teknologiaren erakusgarri melodikoa

Baleike 2015ko aza. 19a, 06:00

Zumaiako San Pedro parrokiko organoak 125 urte bete ditu aurten. Urteurrena ospatzeko bi kontzertu eta bisita gidatua antolatu dute Xixili Egunaren baitan. Musika instrumentu honen historia eta bitxikeriak azaldu dizkigute.

Egurrezko palanka bati tira egin eta oboe musikaren doinuak ateratzen dira hodietatik; beste palanka bati eragin, teklatua ukitu eta egurrezko kutxaren barruan doazen kableei esker, flautaren musika barreiatzen da ilunpean dagoen elizako nabean zehar. 125 urte baditu ere, San Pedro parrokiko organoa primeran mantentzen da. Urteurren hau ospatzeko, bi kontzertu eta instrumentuaren bitxikeriak azalduko dituen bisita gidatua antolatu dira. 

«Garai hartako teknologia aurreratuena erabiltzen zen instrumentu hauetan. Orain kotxeetara bideratzen dena, lehen organoetan erabiltzen zen», dio Iker Gonzalezek teklatu horitua ferekatzen duen bitartean. Berekin dira Mari Carmen Azpeitia eta Maite Ibarra. Hirurak dira organo-joleak, hirurek ezagutzen dituzte instrumentu honen berezitasunak. Azpeitiak, gainera, kontzertua eskainiko du ostiral honetan, San Pedro Abesbatzarekin batera, parrokian bertan. 

Instrumentu hau 1890. urtean erosi zen eta era horretan parrokian zegoen hutsune bat bete zen. «Aurreko organoa, barroko iberiko bat, XVI. mende hasieran erosi zen. Mende bat geroago berrikuntzak egin zitzaizkion. Beste herri batzuetan, Azpeitian, adibidez, erosi zen berria; Zumaian ez, dirurik ez zegoelako», azaltzen digu Iker Gonzalezek. 

XIX. mende amaieran, zementugintza herriko motorra zenean, obra zibilak egiten hasi ziren herrian eta orduko parrokoak, Manuel Gabriel Beobidek, Julio Beobide eskultorearen osabak, une egoki bezala ikusi zuen organo berria eskatzeko. «Aurrekoa hondatuta zegoen eta berria erosteko eskaera egin zuen». Hasiera batean ez zioten kasurik egin, baina bai handik urte eta erdira . Orduan hasi ziren pixka bat mugitzen. Jaiotzaz azkoitiarra zen Azpeitiko organo-jole Jose Ignacio Aldalurrekin jarri ziren harremanetan. «Pertsona honek karlistaldietan ihes egin zuen Parisera eta organoak egiten zituzten etxe guztiak ezagutu zituen garai hartan. Cavaillé-Coll etxekoak ziren garestienak eta Stoltz izango zen hurrengoa», dio Gonzalezek. Hiru proiektu jaso zirela dio [hauetatik bi gordeta dituzte] eta hauen artean, elizaren ezaugarriak eta zegoen diru kopurua kontutan hartuta, Stoltz Frerès etxearena aukeratu zen. 

Tamaina ertaineko organoa da hau. Bi teklatu ditu, eskuekin 56 nota jotzeko, eta oinekin beste 30 jo daitezke. «Stoltzen une gorena izan zela esan daiteke. Tolosakoa (1885) eta Bergarakoa (1889) garai berekoak dira eta biak Stoltz etxekoak dira», aipatzen digu Mari Carmen Azpeitiak.

‘Crowdfunding’ bidez 

Ordura arteko organo barrokoak alde batera utzi eta erromantikoaren aldeko apustua egin zuten garai hartako egileek. «Zumaiakoa ere erromantikoa da. Bere barruan orkestra oso bat izatea zuten helburu», dio Ikerrek. «Musikara ordenagailuak heldu arte hauek izan dira instrumentu konplexuenak». «Instrumentuen erregea da hau», berresten du Maite Ibarrak. 

Orduko 16.100 pezeta kostatu zen organoa erostea. Ordaintzeko gaur egun ezaguna den crowdfunding metodoa erabili zela esan daiteke. «Parrokia beste lan batzuekin zorpetuta zegoen eta dirurik ez zuen; udala ere ez zuen xoxarik jarri. Ordaintzeko 125 pezetako zor-agiriak erabili ziren. Besteak beste, kofradiak, parrokoak eta alkateak ordaindu zuten. Noski, herritarrek ere bai. Pentsatu behar da garai hartan 125 pezeta kopuru handia zela», dio Ikerrek. 

Parrokiko koroan jarri zenetik behin berriztatu dute organoa, 1979an, baina bere ezaugarriak mantenduta. «Beste eliza batzuetan hobekuntza informatikoak dituzten organoak jarri dituzte; honek, noski, berrikuntzak izan ditu (hauspoa eragiteko motorra jarri zitzaion), baina bestela bere horretan mantendu da. Eta hori kontzertuak ematen dituzten organo-joleek eskertzen dute, benetako organo erromantikoak jotzea maite dute-eta».

Urteurreneko egitaraua

  • Azaroak 20. Mari Carmen Azpeitia eta San Pedro Abesbatzaren kontzertua. 20:30ean.  
  • Azaroak 26. Organoa ezagutzeko bisita gidatua. 20:30ean.
  • Azaroak 28. Santi Bandaren kontzertua. 20:30ean.