Milaka familia izan dira kaltetuak urriaren amaieran Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan izandako uholdeetan. Zumaiarekin senidetuta dagoen Zug herrian 100 inguru dira etxerik gabe geratu diren familiak. «Adobezko etxeak dituzte han eta euri-jasekin desegin egin dira. Ondorioz, orain haima batzuetan bizi dira», azaltzen du Samuel Ruizek, Saharako herriaren aldeko Darahli taldeko koordinatzaileak.
Kaltetuei lagundu nahian, zenbait ekitaldi antolatu dira eskualde mailan. Zumaiako Udal Musika Bandak hobekien egiten duenarekin lagundu nahi izan du: musika jotzen. Hala, larunbat honetan, 19:00etan, kontzertua izango da Maria eta Jose ikastetxeko aretoan. “Bandak berak proposatu zigun ideia eta guk, noski, oso pozik hartu genuen”, gaineratu du Ruizek.
Pasa den irailetik aritu da Banda kontzertu hau prestatzen. Musika Bandaren zuzendari berriak, Joxe Mari Azkuek, zuzenduko duen lehen kontzertua izango da. Zuzendari aldaketarekin batera, jende berria sartu da Bandan. “Flysch cameratan aritzen diren musikari ia denak sartu dira orain Bandan. Horrek gaztetu egin du taldea”, dio Azkuek. Kontzertu honetarako espresuko etorritako errefortzuak ere izango ditu zenbait instrumentutan.
Bandak, urte amaieran, kontzertu solidario bat eskaintzen du gizarte lanetan aritzen den norbait laguntzeko. «Hura abenduan izango da. Hau kontzertu berezia da. Bestela ere egitekoak ginen, baina uholdeen berri jakin genuenean eta, gainera, Darahliko kide batzuk Bandako kide direla ikusita, pauso hori emateko erabakia hartu genuen», dio zuzendariak.
Disney-en pelikuletako musikekin osatu dute errepertorioa. «Baina ez beti jotzen direnak; zerbait berriagoa egiteko gogoa genuen». Hala, azken urteetan txunditu gaituzten partiturak joko ditu Bandak: Frozen, Up, Aladdin, Brave, etab. Pantailan, gainera, filmen irudiak emango dira. Musikazale guztiei, baina, bereziki, gazteei dei egiten zaie. «Benetan gozatuko dutela».
Sarrerarik ez da izango; norberak bere borondatez ematen duena bilduko da. Horrez gain, 2100 4248 66 2100147895 (La Caixa) kontu korrontean dirua sartuta ere lagundu ahal izango da.
Bandak eta Darahlik kontzertura joateko deia luzatzen dute: «Etor daitezela. Kontzertu zoragarri bat entzuteaz gain, gu baino askoz okerrago daudenei laguntzeko aukera izango dute».