‘Bizilagunak’ ekimena antolatu du Anitzen Sareak azaroaren 22rako

Baleike 2015ko aza. 6a, 10:00

Bazkari baten bueltan, jatorri ezberdineko herritarrak ezagutzeko bidea ematen du egitasmoak. Ekimen honetan izen emateko azken eguna azaroaren 14a izango da.

SOS Arrazakeriak Europa mailan antolatzen duen ekimena da ‘Bizilagunak’ proiektua. «Beste herri batzuetan aspalditik daude egitasmo honetara atxikituta, eta aurten, Anitzen Sarearen baitan, gu geuk ere parte hartzeko nahia azaldu dugu» kontatu du Zumaiako Berdintasun teknikaria den Karmele Gomezek.

Baina zer da zehazki ‘Bizilagunak’ proiektua? «Bertako familia eta norbanakoak atzerritik etorritako familiekin elkartu eta azaroaren 22an elkarrekin bazkaltzea helburu duen egitasmo bat da» kontatu du. «Topaketa bat da azken finean. Bertako eta kanpotik etorritako jendea ezagutzeko aukera ematen duena» gaineratu du.

Egun, familia eredu ezberdinak daude eta horregatik, edonork parte hartzeko gonbidapena duela gogoratu nahi izan du Gomezek. «Familia eredu ugari daude, eta edozeinek hartu dezake parte egitasmo honetan. Baita norbanakoek ere, eta nola ez, pisua partekatzen duen lagun talde batek ere bai adibidez» adierazi du. Horretarako, eta lehendabizi, izen ematea egin behar da azaroaren 14a baino lehen. «Behin izena emanda, galdetegi sinple bat bete beharko dute parte hartzaileek. Erantzunek familiaren ezaugarriak zeintzuk diren jakiteko balioko digute. Esaterako, maskotarik duten edo ez, zenbat senide diren, zeintzuk zaletasun dituzten...» azaldu du. Izen emateko aukera telefonoz, 943865025 (Aniztasun saila) zenbakira deituz, edo anitzensarea@gmail.com posta elektronikora idatzita egin daiteke.

Esperientzia positiboa
Iaz, Euskal Autonomi Erkidegoan, 4.000 lagunetik gora izan ziren ekimen honetan parte hartu zutenak. «Esperientzia positiboa eta aberasgarria da guztiz. Ezagutzen ditugu kanpotik etorri diren pertsonak, bizilagunak izaten dira askotan, baina ez gara harreman sakonago batean sartzen beraiekin. Ekimen honek hain zuzen hori apurtzeko balio du» kontatu du.

Egitasmoaren helburuak elkar ezagutza handitzea eta harremanen sarea zabaltzea izango dira. «Kulturalki ohitura ezberdinak ezagutzeaz gain, elkarren egoera, arazoak eta kezkak jakiteko aukera ona da».

Abenduaren 5ean, Victoria Eugenian egingo den ekimenarekin bukatuko da egitasmoa. "Mahai gainean jarriko da Gipuzkoako herrietan azaroaren 22ean egin dena eta baloratu egingo da. Egun horretan errefuxiatuen gaia ere landuko da" gaineratu du Gomezek.