Manuel Mugerza: «Itxura ederra du frontoi berriak»

Baleike 2015ko aza. 3a, 20:00
Mikel eta Manuel Mugerza aita-semeak Aitzuri pilotaleku berrian. Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Aitzuri pilotaleku berriko lan gehienak bukatuta edo bukatzear daude. Inaugurazio datarik ez dago, oraindik kanpoaldea urbanizatu behar delako erabilgarri egon dadin. Manuel eta Mikel Mugerza aita-semeak frontoi berrian bildu ditugu. Azaroko aldizkarian argitaratuko dugu zesta puntan egin zuten ibilbideari buruzko elkarrizketa.

Hogeita bat urte egin zituen zesta puntako pilotari profesional Manuel Mugerzak (Zumaia, 1935), haietako hamasei Ameriketako Estatu Batuetako frontoitan. 1975ekoa izan zuen azken denboraldia, «Franco hil zenean Orlandon nintzen, artean». Jokatzeari utzi zionean Zumaiara bueltatu eta Odieta pilotalekura eramaten zituen hiru semeak, zesta puntan erakustera. «Han inguruan izaten ziren beste haur batzuk begira, probatzeko gogoz. Halako batean, guraso batzuk etorri zitzaizkidan, ea semeei erakutsiko ote nien. Horrela sortu zen Zumaiako eskola». 1980ko hamarkadako lehen urteak ziren. Eskola hartan ikasi zuten, besteak beste, Alberdi, Enbil, Goikoetxea eta Lopez txapeldun handiek, belaunaldi oparoa osatu duten beste hamaika pilotarirekin batera. Mugerzaren ondoren beste batzuek jarraitu zuten eskolarekin –Ulazia, Adurriaga eta beste–, baina denek aitortzen diote Mugerzari eskolaren aitatasuna.
 
Odietako garaiak atzean gelditu dira, eta azken urtean frontoi berriko lanei begira daude herriko pilotariak eta pilotazaleak. Joan den ostiralean, eraikin berria barrutik ezagutzeko aukera izan zuten Manuel eta Mikel Mugerza aita-semeak, Gorka Arregi udal arkitektoaren eskutik. Fatxadako lanak bezala, barrualdekoak ere nahikoa aurreratuta daude –oraindik kanpoaldea hiritartzeko lanak falta dira eta ez dago inauguraziorako datarik–. Harrerako eta korridore nagusiko horma guztiak egurrez daude estalita; komunak eta aldagelak prest daude;  frontisa eta ezker paretak beltzez pintatu dituzte, eta inguruko babesak eta eserlekuak gorri kolorekoak jarri dituzte; izena ere idatzita dauka jadanik, erdi-erdian: Aitzuri, Zumaia. Kantxako zorua leuntzen ari dira egunotan, eta kontrakantxako egurra jartzea falta da oraindik. «Itxura ederra du frontoiak; hemen ez dago gaizki jokatzeko aitzakiarik», esan du Manuel Mugerzak. Frontisari albotik begira dago Mikel semea: «Zuzen-zuzen dago, lan ona egin dute; frontisa oker duen frontoiak ezagutzen ditugu». Hiru Mugertza semeak ere puntista profesionalak izan ziren.
 
Bisitalditik gustura atera dira mugerzatarrak, pilotari belaunaldi berri baterako azpiegitura ona delakoan. Zesta puntaren etorkizunaz, baina, ez dira hain baikor. «Ameriketan, behintzat, ez du etorkizunik. Izatekotan hemen izango du, Euskal Herrian. Baina lan asko dago egiteko». 
Erlazionatuak