Andutz taldeak plaza batengatik irabazi dio Telmo Deuni Itziarko gizon proban

Baleike 2015ko aza. 1a, 21:28

Itziarko Andutz taldeko eta Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko kideen arteko gizon proba desafioa izan da gaur arratsaldean Itziarren. 900 kiloko harria, 25 metroko plaza eta 20 minutuko tiraketa. Talde irabazlearentzat ohorea eta bertaratutako borondateari esker bildutako diru kopurua. 

18:30ean hasi da desafioa. Ordurako jende kopuru polita bildu da Itziarko eliza ondoko plazan. Itziartarrak, baina baita bertara hurreratutako zumaiarrak ere. Aurretik, pisaketa lanak egin dira. Talde bakoitzaren pisua gehienez 660 kilokoa izan behar zuen; biak ere pisu horren azpitik ibili dira: Andutzekoek 654,7 kiloko pisua eman dute; Telmo Deunekoek gutxixeago, 647 kilo. Felix Aizpurua zumaiarra aritu da mikrofonoan lanean. 

Itziarko plazak badu berezitasuna: Salegi jatetxetik Apaizetxera maldan behera da; bueltakoa, noski, gorantz. Bi puntuen arteko desnibela metro betera heltzen dela esan dute. Desafioaren hasieran, agian, ez da hainbeste igarriko, baina, minutuak aurrera joan ahala, metroa baino dezente gehiagoko aldapa sumatuko dute tiratzaileek. 

Telmo Deuneko mutilak izan dira tiratzen lehenak. Harriari tiraka Inaxio Urtubia, Jagoba Uranga, Josu Uranga, Iñaki Errazkin, Iñaki Larrañaga, Jon Larrañaga, Jon Etxaniz eta Ipar Larzabal. Taldeko relojero edo gidari lanetan, Telmo Deuneko patroi Unai Osa. Gogor ekin diote zumaiarrek eta 20 minutu ondoren, 39 plaza egiteko gai izan dira. Lehertuta amaitu dute arraunlariek.

Emaitza jakinda, Andutz taldeko kideen txanda heldu da. Lizarran, Olano, Gazteñegi, Galarreta, Ipiola, Billabier, Erlete eta Aronek osatu dute taldea. Aurkariek burututako plaza kopurua jakitearean abantaila izan dute Itziartarrek. Asmoa, baina, Orioko taldeak iazko proban lortutako errekorra (44,5 plaza) haustea zuten. Ez dira, baina, errekorra hausteko gauza izan, bai, ordea, gaurko desafioa irabazteko. 20 minuturen ondoren, 40 plaza egin dituzte etxekoak, kanpokoek baino bat gehiago. 

Lagun artean, elkarri eskua emanda amaitu da gaurko desafioa. Errebantxarik izango ote da?