EH Bildu: “Orokorrean, ados”

Baleike 2015ko urr. 30a, 11:32

EH Bildu orokorrean ados agertu zen Udal gobernutik egindako proposamenarekin. “Hau da, azken urteko KPIa negatiboa izan denez, eta kontutan hartuta aspalditik krisi orokor batetik ezin aterata gabiltzala, 2016ra begira zerga eta tasak bere horretan uztearekin ados gaude. Ez zaigu iruditzen une honetan herritarrek beste gainkarga bat sufritu behar dutenik zerga eta tasen igoeren bitartez”. 

Denarekin ez zeuden ados, ordea. Etxebizitza hutsei errekargua ezabatzearen aurka agertu ziren. Joseba Azpiazu zinegotziak irakurri zuenez, “errekargu hau etxebizitza alokairuan uzteko lagungarria izan daiteke eta, gainera, gure programan aipatzen dugun progresibitatearekin bat dator”. EAJ gobernuan dagoen bi herriko kasuak azaldu zituen: “Zarautzen %150eko errekargutik %100era jaitsi da eta Urretxun ere ez dute errekargua kendu”. Oier Korta alkateak erantzun zion esanaz bera ez zela sartuko beste herrietan ezartzen ziren tasetan: “Gu hemen Zumaiaz ari gara”.  

Orokorrean gustuko ordenantzak izanda ere, “eta azken zortzi urtetan egindako ia aldaketa guztiak mantendu direla”, errekarguaren ezabapen horigatik abstenitzeko erabakia hartu zuen EH Bilduk.