2016rako zergak eta tasak izozteko erabakia hartu du Udal Plenoak

Baleike 2015ko urr. 30a, 11:30
Marikruz Alvarez, ogasuneko zinegotzia

Ordaindu beharreko zergak eta tasak jasotzen dituzten ordenantza fiskalak bere horretan mantenduko dira 2016. urtean. Hala erabaki zuen atzo Udal plenoak urriko ohiko bilkuran. Aldaketa batzuk ere izango dira. Hala, ondasun higiezinen gaineko zergan (IBI, gaztelerazko sigletan) etxebizitza hutsei ezartzen zitzaien errekargua kenduko da. Udal gobernuak aurkeztutako proposamena EAJ (6) eta PSE-EE-ren (1) aldeko botoekin onartu zen. EH Bildu (6) abstenitu egin zen. 

Aurreko urteetan ohikoa izan da KPIari dagokion igoera aplikatzea ordenantzei, baina, Plenoan azaldu bezala, 2014ko abuztutik 2015eko abuztura bitarteko KPIa negatiboa izan da eta horregatik zergak eta tasak izozteko proposamena aurkeztu zuen Udal gobernuak.

Zergak eta tasak gehiengo batean bere horretan mantenduko badira ere, izango dira zenbait aldaketa. Ondasun higiezinen gaineko zergaren kasuan, etxebizitza hutsei edo, beste era batera esanda, ohiko egoitzak ez diren etxebizitzei ezartzen zitzaien %75ko errekargua kenduko da.

Beste hobari guztiak berdin mantentzen direla azaldu zuten: Bizigune Programaren barruan erabilera-lagapen duten ondasun higiezinei dagozkionak, Famili ugariei dagozkionak, eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistema instalatuta dituzten ondasun higiezinei dagozkionak, hain zuzen ere.

Beste aldaketa bat trakzio mekanikoko ibilgailuen zergan kokatzen da. Ibilgailu historikoetarako edo fabrikazio egunetik kontatuta gutxienez 25 urteko antzinatasuna duten ibilgailuetarako, kuota osoaren, 100%, hobaria izatea proposatu zen, hau da, kotxe hauek zergarik ez ordaintzea. 

Tasa batzuetan ere izango dira aldaketa batzuk:

Garabi zerbitzuaren kasuan, kotxeak erretiratzean, hau da, garabia erabiltzean, 121 euro ordainduko dira; kotxea ez mugitzeko zepoa erabiltzen denean, 60 euroko tasa ordainduko da. 

Kirol patronatuko tasetan, orain artean haurren taldean 4-13 urte bitartekoak sartzen ziren; 2016an haurren taldean 3-13 urte bitartekoak sartuko dira. Ekintza eta zerbitzuetan, dutxek 2,10 euroko kostea izango dute bazkide ez direnentzat. Zenbait zerbitzu erretiratuko dira, hala nola, akupuntura, osteopata (60min+masajea), pare magnetikoak, terapia kraneosakrala eta UVA izpiak. Zerbitzu berri bat ere gehituko da: piraguen apalen alokairua, 10 euro hileko. Itsas kiroldegiko prezioak, berriz, ezabatu egingo dira, gaur egun ageri diren zerbitzuak ez baitira eskeintzen.

Ludotekaren kasuan, urteko kuota hizkuntza errefortzuko haurrentzat, doan izango da.

Turismo bulegoan, gaur egun bertatik eramaten ez diren zerbitzuak ezabatu dira eta hainbat libururen eta DVDren prezioak doitu dira. Olarru eguneko zapi eta kamiseten prezioak gehitu dira. Herri bazkarietarako txartelen prezioak ere jaso dira.

Berdintasun arloan, tailer guztien prezioa 2016an doan izango da. “Neurri honen bitartez eta gai honek duen garrantzia, esparrua eta transzendentziagatik, jabetze eskolan parte hartzeko aukera zailtasun ekonomikoak dituzten emakumeei ere luzatu nahi da. Teknikariak jakin arazi zigunez, tasak ordaindu ezin dituztelako badirelako kanpoan geratzen diren emakumeak. Gai honetan, udalak ahalegin berezi bat nahi du egin”, azaldu zuen Marikruz Alvarez, ogasuneko zinegotziak.

Kostu ikerketa

Azken urteotan legediak behartzen duen tasen inguruko kostu ikerketarik aurkeztu ez dela salatu zuten gobernukideek. “Tasak arautzerakoan kostu ikerketak oinarri izan behar dutela dio legeak”, adierazi zuen Alvarezek eta, bere esanetan, eta kontu hartzaileak azken batzordeetan azaldutakoaren arabera, “hiru urte eta erdi dira kostu ikerketarik burutu ez dela”. “Kostu ikerketak oinarri eta funtsezkoak dira tasen aurrean edozein erabaki hartu ahal izateko”, gaineratu zuen.

Tasak izozteko erabakia hartzeak aurrekontuetan eragina izango duela ere aipatu zuen. Hala, udalak eskaintzen dituen zerbitzuen emaitza defizitarioak 190.000 eurotan handituko direla aurreikusten dute. “Emaitza negatibo horiek arintzeko, azken urteetan geldirik egon diren hainbat kontratu aztertu ditugu lehen lau hilabete hauetan: argia, aseguruak, igogailuak,… Kontzeptu hauen gainean egindako azterketen arabera, gaur egun ordaintzen ditugun gastu estrukturaletan jaitsierak aurreikusten ditugu 2016rako. Bestalde, iraungita aurkitu ditugun kontratuak esleitzeko pausuak ematen ari gara. Hemendik ere emaitza positiboak aterako direla ziur gaude, kale garbiketa eta zabor bilketako esleitutako kontratu berriaren kasuan ikusi dugun bezala. Azkenik, 2016an FOFIMaren (Foru Aldunditik jasotzen den kopurua) ekarpenetan igoerak izango ditugu”.

Taxien ordenantzak

Plenoak guztien adostasunarekin onartu zuen taxien tarifetan ere igoerarik ez egotea. Gipuzkoako Taxi Elkartearen proposamen hau, Urola Kostako udal elkartetik etorri zen eta Plenoak lehenbailehen onartu behar zuen.