Tokikom Saria emango dute aurten Kameratoian, sortzaile gazteentzat

Tokikom 2015ko urr. 30a, 10:20

Kameratoia, Euskal Herriko XI. Ikus-entzunezkoen Rallya da Kameratoia, eta Durangoko Azokako Irudienea ikus-entzunezkoen plazan izango da abenduaren 5etik 8ra. Izena emateko azken eguna azaroaren 30a da. Epaimahaiak 3600€ banatuko ditu saritan, tartean 600 euroko dotazioa duen Tokikom saria, ikus-entzunezko sortzaile gazteentzat. Tokikomeko kide da Baleike, beste 59 hedabiderekin batera.

Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Kameratoia, Euskal Herriko Ikus-entzunezko Rallyaren XI. Edizioa Durangoko Azokan egingo da, Irudienea gunean. 18-25 urte bitarteko gazte sortzaileei zuzendutako lehiaketak 3600€ banatuko ditu saritan, tartean lehen aldiz emango den Tokikom saria. Durangoko Azokak 50 urte betetzen dituenez, gazteek 50 ordu izango dituzte haien ikus-entzunezko lanak aurkezteko. Rallyan parte hartzeko, www.kameratoia.com webgunean eman behar da izena; azaroaren 30a da horretarako azken eguna.

Lehiaketaren helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Tokikomeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, azaldu duenez, “horrek guztiz bat egiten du toki komunikabideok euskarazko edukiak zabaldu eta haien sormena sustatzeko dugun konpromisoarekin”. TOKIKOM elkarteak irakurtzen ari zaren Baleike eta beste 59 toki komunikabide batzen ditu bere baitan.

Parte hartzaileek abenduaren 5ean jasoko dute landu beharreko gaia eta ezaugarrien berri harrera ekitaldian eta, hori bukatu bezain pronto, 50 ordu izango dituzte, gehienez sei minutuko iraupena izango duen film labur baten gidoia osatu, grabazio lanak egin eta edizio lanak burutzeko, iaz baino bi ordu gehiago, Durangoko Azokaren urteurrenari keinu eginez.

Lehiakideek abenduaren 7an entregatu beharko dituzte bideoak, 14:00ak baino lehen. Sari banaketa gala, berriz, abenduaren 8an ospatuko da, Durangoko Azokako Irudienea ikus-entzunezkoen plazan (Durangoko Zugaza zineman). Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek ondorengo sariak banatuko dituzte: Lehen Saria, 1.200 eurokoa izango da; bigarrena, 900 eurokoa eta Tokikom saria, 600 eurokoa.

Lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta azaroaren 30a izango da izena emateko azken eguna: www.kameratoia.com gunean izen-emate fitxa bete beharko da. Lehiaketaren oinarriak webgunean daude ikusgai osorik.