Errebindikaziorako festa

Baleike 2015ko urr. 30a, 07:30
Euria egiten duenerako, estalitako pista bat lortzea da klubaren asmoa.

Skatearen festa ospatuko dute bihar bertako eta kanpotik etorritako skaterrek. Festaren arrazoietako bat skate parkearen egoera hobetzeko nahia azaltzea da.

Bihar goizean goizetik hasita Zumaiako lehenengo skate eguna ospatuko dute futbol zelaiaren atzean kokatuta dagoen skate pistan. “Skatea ezagutzea da gure lehenengo helburuetako bat, eta bide batez, festa honekin skate parkearen egoera hobetzeko nahia azaldu nahi dugu” kontatu dute Oskar Blanco eta Mikel Mugerza skaterrek.

Hamar bat urte dira skate parkea futbol zelaiaren atzeko aldean ireki zutela. “Pista hauek jartzea lorpen handia izan zen, baina orain, gure nibelarentzako behintzat, txiki geratu dira” azaldu dute. Hori dela eta, beraiek lanean jartzeko ordua dela pentsatu dute. “Iraganean guretzako zerbait lortu zuten hainbat pertsonek, orain, gure gazteentzat zerbait hobeagoa egitea nahi dugu, batez ere, estalitako pista bat” aipatu dute. 

Duela hilabete inguru udaletxearekin jarri ziren harremanetan. “Momentuz, frontoi berriaren ondoko terreno batean, skate parke berria jartzeko proposamenaren inguruan hizketan jartzea lortu dugu. Gauza hauek luzerako joaten dira eta ikusiko dugu. Proiektuak aprobatu behar dira… Baina beraien aholkuei jarraituz kluba sortzera pasa gara. Inbert izeneko skate taldea izango gara”.

Eskubide bat
“Skatea atsegin duten herritar guztiei, inoiz praktikatu dutenei, seme-alabei erakutsi nahi dutenei… guztiei irekita egongo gara” esan dute. Festa handia antolatu dute biharko, eta mozorrotuta etortzea gomendatzen dute. Goizean dj bat izango da giroa animatzen eta ondoren txikienek skatean ibiltzeko aukera izango dute. “Beraiek gozatzeko tokia izango da” aipatu dute. Skate buelta egingo dute eguerdi aldean eta ondoren bazkari herrikoia izango da. “Festa hau antolatzen lagundu diguten denda, taberna eta abarri eskertzeko egingo dugu  buelta hori herritik”. Arratsaldean helduen txanda izango da. Bertan neskek ere beraien tokia izango dute. “Neskaters bezala ezagunak dira, eta espero dugu batzuk etortzea” esan dute. Hain zuzen nesken skaterra bultzatzea da beraien asmoetako bat. “Pixkanaka gero eta gehiago daude, eta animatu egin behar ditugu, berdintasuna lortu”.

Gazteria eta euskara bultzatzea ere beraien asmoetako bat da. “Gazteek beste kiroletatik aparte, skateren mundua ezagutzea lortu nahi dugu. Horretarako, behin kluba osatutakoan, kurtsoak ematea da gure nahia”. Materiala izaten da askotan skatea ez praktikatzearen arrazoietako. “Garestia izaten da, eta guraso batzuek ezin dute horri aurre egin. Horregatik, material zaharra berreskuratu eta birziklatu nahi dugu umeentzat eskuragarri izateko. Hala probatzeko aukera izango dute, eta benetan gustatzen bazaie, erosiko dute” aipatu du. “Ez dugu luxuzko kirol bat izatea nahi, eskubide bat izatea baizik. Gure bizitzeko estiloa da. Ez da soilik kirol bat, mugimendu kultural bat da, eta guztiei zabaldu nahi dizkiegu ateak”.