Zesta Puntari buruzko ‘Jai Alai blues’ filma emango dute bihar Aita Marin

Baleike 2015ko urr. 29a, 09:30

Zesta Puntaren historia jasotzen du dokumentalak. Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea puntista zumaiarrak ageri dira, besteak beste. Herriko puntistak omenduko ditu Udalak.

Zesta puntaren historia kontatzen du Gorka Bilbao zuzendari bizkaitarraren Jai Alai Blues dokumentalak, batik bat Floridako urrezko garaietan zentratuta. Zinemaldiko Zinemira atalean eman zuten lehen aldiz, ondoren bi emanaldi berezi egin dituzte, eta Zumaiakoa izango da laugarren proiekzioa. Izan ere, Zumaiako puntistek ere badute zeresana zesta puntaren historian, eta haien ordezkari agertzen dira dokumentalean Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea.
 
Dokumentala osatzeko, hainbat pilotari elkarrizketatu dituzte, garai bateko pasadizoak eta anekdotak bildu dituzte, irudi zaharrak ere bai; material guztiarekin kirola gainditzen duen kontakizuna osatu dute, zesta puntaren historia pertsonen ikuspegitik kontatuz.
 
Saioa 19:00etan izango da, Aita Mari aretoan, eta dagoeneko salgai daude sarrerak turismo bulegoan, hiru euroan. Dokumentaleko zuzendari Gorka Bilbao eta Berdeakeko ekoizle eragile Jose Luis Barredo –zumaiarra bera– emanaldian izango dira. Puntista zumaiarrei herriaren izena munduan zabaldu izana eskertuko die Udalak.