Urak gainezka egin du Estazioko industrialdean

Baleike 2015ko urr. 27a, 18:06

Marea biziak dira eta, itsasgorarekin batera, urak gainezka egin du Lagun Artea enpresaren parean. Putzu handia sortu da eta su-hiltzaileak ari dira ura ateratzen.

Dirudienez, adarren batek-edo trabatu egin du errioko urari bidea ixten dion hodiaren ahoko atea, ura industrialderantz sartu da eta gainezka egin du Lagun Artea enpresaren inguruan. Putzu handia sortu da eta enpresa barrura ere sartu da, tailerreko parte zaharrenean –alde berria baino beherago dago–. Dena den, enpresan dauzkaten punpekin ura atera dute eta ez du aparteko eragozpenik sortu.

Kanpoaldean sortu den putzuaren ondorioz Basusta alderako bidea moztu egin behar izan dute udaltzainek, eta su-hiltzaileak etorri dira punpekin ura berriro erriora bideratzeko.