PSE-EEren adierazpen proposamena Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna dela eta

Baleike 2015ko urr. 27a, 13:13

Zumaiako udal-talde sozialistak adierazpen proposamen bat erregistratu du gaur goizean,  azaroaren 25eko emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna dela eta.

Hurrengo osoko bilkuran aztertzeko aurkeztu da ekimena, eta bi puntu ditu. Lehenbizikoan, Udalari eskatzen zaio bere eskumenen barruan har dezala konpromisoa “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren eta tratu onen aldeko politika aktibo, integral eta koordinatu bat” garatzeko. Horrez gain, eskatzen dio Udalbatzari gonbida ditzala herritarrak “urte guztian egunero berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonalak eta kolektiboak” har ditzaten.  Era berean, zumaiarrei proposatzen die azaroaren 25arekin lotuta antolatutako ekitaldietan “aktiboki” parte har dezaten, eta gazteen artean berdintasuna bultzatzeko “Beldur Barik” prebentzio eta hezkuntza programan ere bai.

Komunikatuan, Arritxu Marañón bozeramaile sozialistak jakinarazi duenez, helburua izan beharko litzateke pertsona guztientzat “tratu onak” bermatuko dituen gizarte batean bizitzea, eta horrez gain, ager dadila “argi eta garbi” emakumeenganako indarkeriaren aurka eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.

Pertsonen arteko harremanetan oinarriak errespetua, autonomia eta berdintasuna direla adierazi du. Haren ustez, “errespetatzea ez da soilik ez eraso egitea, errespetatzea ere bada bermatzea pertsona bakoitzak izan dezala aukera bere bizi ibilbidea egiteko, berdintasunik ezak eragindako mugarik gabe”.

Amaitzeko, esan du Zumaiako Udalak eta antzeko erakundeek bere gain hartu behar dutela tratu onak bultzatuko dituen gizartea eraikitzeko erantzukizun sozial eta politikoa, eta hasteko, ariketa pertsonal eta kolektiboa egin beharko genukeela gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak berrikusteko.