Imanol Gutierrez eta Unai Granados txapeldun Itzurunen

Imanol Gutierrez pozez zoratzen garaipenarekin. Argazkia: Gorka Zabaleta

Imanol Gutierrezek irabazi du 2015eko Zumaiako Surf Txapelketa nagusia, eta Unai Granadosentzat izan da bodyboardeko txapela. Olatuez eta hondartzaz gozatzeko asteburu ederra izan da, eta azpimarratzekoa parte hartzea: 60tik gora lagunek hartu dute parte, tartean 8-12 urte arteko haurrak ere bai. Surfak badu etorkizunik Zumaian.

Hilabete atzeratu da aurten herriko txapelketa, baina pozik egon daitezke ZISKEko antolatzaileak emaitzarekin. Olatuak ez dira falta izan, eguraldi zoragarria izan da eta parte hartzea aspaldiko handiena. Gainera, haurrak ere ikusi ditugu lehen aldiz lehiatzen –hiru neska tartean–, maila bikainarekin. Maniobra politak ikusteko aukera izan da, lehia estuak eta final borrokatuak. Askoz gehiago ezin da eskatu.

Surfeko final nagusian aurten Imanol Gutierrez izan da onena. Surflari beteranoak maila bikaina erakutsi du asteburu osoan eta lortu du azkenean txapel handia, Isaak Agirrezabalaga, Alex Odriozola eta Xubi-ren aurretik.

Bodyboardeko finalean ere oso estu egon da puntuaketa azken unera arte. Bazirudien Alex Odriozolak buruan zuela txapela, baina azken unean Unai Granadosek lortutako backflip bikoitzak sailkapena irauli du. Granadosentzat txapela, eta podiumean Alex Odriozola, Xabier Urrestilla eta Andoni Izaga.

Hauek dira beste mailetako irabazleak: 16 urtez azpikoan, Mikel Lizarralde; Longboard-ean, Jesus Mari Aizpurua; Master surfean, Ramon Egiguren; Master bodyboardean, Aritz Amilibia.

Erlazionatuak

Surf eta bodyboard txapelketako argazkiak

Zumaia

Bilduma honetan dauzkazue asteburuan atera ditugun argazkiak. Argazkilaria: Gorka Zabaleta