'Jai Alai Blues' pelikularen aurrestreinaldiko saioa izango da Zumaian urriaren 30ean

Euskal Herritik Ameriketara joandako zestalarien historia eta istorioak kontatzen dituen Jai Alai Blues pelikula emango da datorren ostiralean, urriaren 30ean, Aita Mari zinean 19:00etan. Pelikula, berez, azaroaren 6an helduko da zine aretoera, baina, aurrez Gernikan egin bezala, Zumaian aurrestreinaldiko saio bakarra izango da astebete lehenago. Sarrerak salgai izango dira asteartetik aurrera turismo bulegoan 3 euroan.

Gorka Bilbaok (Amerikanuak hunkigarriaren zuzendaria) zuzendutako dokumental honek Jai Alairen historia sinestezina kontatzen du, mundu horretan aritutako pertsona ospetsuenen bitartez. Ugariak dira haien biografien eta Jai Alairen historiaren arteko paralelismoak. Hasiera apalak; arrakasta handiak mundu osoan, publiko agurgarriz betetako frontoietan; identitatearen galera, joko tradizional bat guztiz bestelako balioak dituzten gizarte batzuetara egokitzean...

Egipto, Txina, Filipinas, Kuba, Mexiko edo Estatu Batuak Jai Alaien historiaren lekuko izan dira. Herrialde horietan, pilotariak artistatzat hartuak izan ziren eta hedabideek frontoietako nondik norakoen berri eman zuten.

Baina urte oparoen distirak ez zuen betirako iraun.