Pulporen lehen taldeak punturik lortu gabe jarraitzen du

Baleike 2015ko urr. 19a, 13:22

Ligako lau jardunaldi jokatu dira eta Pulporen lehen taldeak punturik lortu gabe jarraitzen du. Asteburu honetan 30-12 emaitzarekin galdu du Anaitasunaren aurka. 

Iruñeako taldea beti izan da aurkari gogorra, nahiz eta aurten hasiera ona izan ez duen. Partida honen aurretik, hiru jardunaldi jokatuta, garaipen bakarra lortuta zegoen Nafarroako taldea. Pulpok jokatutako hiru partidak, berriz, porrotarekin amaitu ziren. Hiruretan, gainera, gol kopuru handiak jaso zituen, nahiz eta Barakaldoren aurkako partidan hobekuntza izan zuen.

Lehen zati txukuna jokatu zuen Pulpok Anaitasunaren aurka. Une batzuetan, gainera, markagailuan hurbil izan zen (6-5, 15. min.; 8-6; 20. min.). Hortik aurrera, baina, jaun eta jabe izan ziren nafarrak. Atsedenaldira 12-6 emaitzarekin joan ziren bi taldeak. Bigarren zatian aldea handitu besterik ez zen egin eta etxekoek 30-12 emaitzarekin irabazi zuten. 

Unai Ibarguren izan zen zumaiarren aldetik golegile nagusia, 6 golekin; Manex Elolak eta Javier Gonzalezek bina gol lortu zituzten eta Jon Kareagak eta Mikel Sanchezek bana.

Lau jardunaldiren ondoren, azken postuan dago Pulpo, Askartza eta Romo taldeekin 0 puntura berdinduta. Larunbat honetan (19:15ean), Elgoibar taldearen aurka jokatuko du Lubakin.