Mons elkarteak irabazi du arrantza lehiaketa

Baleike 2015ko urr. 18a, 16:53

Elkarte arteko arrantza lehiaketa jokatu da gaur goizean Zumaiako barran, Iñaki Espillaren oroimenez. Bederatzi elkartetako 54 arrantzalek hartu dute parte eta Mons A taldea izan da irabazlea. Nautiko Izkiro izan da bigarren eta Anade A hirugarren sailkatu da.

Nautiko Izkiro, Bidasoa, Intxaurra, La Zurriola, Mons, Anade, Txantxangorri, Antxeta eta El Cangrejo arrantza elkarteetako arrantzaleak bildu dira gaur goizean Zumaiako barran, taldekako lehiaketan parte hartzeko. Guztien artean 37 kilo pasatxo arrain arrantzatu dute. Piezarik handiena Intxaurra elkarteko Julen Segui Tellok harrapatu du, 1,6 kiloko gastaika. Bakarkako sailkapenean, Nautiko Izkiroko Sergio Fernandez izan da onena, 2.411 punturekin. Beteranoen artean, Bidasoako Miguel Gimeno (1.968); jubenil mailan, Mons taldeko Beñat Vargas (556); emakumeen artean, El Cangrejoko Maria Eugenia Soza (196); eta Anadeko kideen artean, Iker Brea (1.392) eta Iñigo Cardenas (1.090).