Klub Nautikoak antolatutako arrantza lehiaketa izango da asteburuan

Baleike 2015ko urr. 16a, 11:09
Zumaiako Klub Nautikoak antolatzen duen ainguratutako ontzien XI. arrantza sariko lehen jardunaldia jokatuko da larunbat honetan. Hiru jardunaldiz osatzen da saria eta beste biak azaroaren 21ean eta abenduaren 12an jokatuko dira.

Arrantzako ordua goizeko 10:00etatik arratsaldeko 4etara bitartean izango da eta bertan Klub Nautikoko kideak diren ontziek bakarrik hartu ahal izango dute parte. Izena emateko klubean bertan aurkituko den izen-emate orri bat bete beharko da. Nahikoa izango da probaren hasierako ordua baino ordubete lehenago ematea. info@clubnauticozumaia.com helbidera idatzita ere izenak eman ahal izango dira. 

Araudia

  • Ontzi bakoitzean gehienez bi lagun joango dira. 
  • Araudia eta arrantza egiteko lekua lehiaketaren aurretik emango zaie parte-hartzaileei, patroien bileran. Bilera gaur, ostirala, izango da 10:00etan, klubak kirol portuan duen egoitzan.
  • Lehiaketa 10:00etatik 16:00etara bitartean izango da. 17:00etarako ontzi guztiak portuan lotuta egongo dira. Bertan pisatuko dira hartutako arrainak. 
  • Ordu horretarako portuan ez dauden ontziak deskalifikatuta geratuko dira. 
  • Ontziek ezingo dute joan Zumaiakoa ez den beste portu batera. Epaileei esan gabe edozein arrazoiengatik beste portu batera joaten den ontzia deskalifikatu egingo da. 
  • 16:00etan irrati bidez (8 kanala) esango zaie arrantzaleei proba amaitu dela eta aparailuak gordeko dira. 
  • Neurri minimoen taulan agertzen diren arrainak bakarrik hartu ahal izango dira. Taula hori parte-hartzaile guztiei emango zaie.