Urola Kostako turismo eskaintza erakutsiko dute asteburuan Bilbon

Urola Kostako Udal Elkartea 2015ko urr. 15a, 12:38
Zumaiako eskaintza turistikoa erakutsiko dute Bilbon asteburuan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Urola Kostako eskualdean dauden Getaria, Orio, Zarautz, Aia eta Zumaiako udalerriek beren turismo eskaintza aurkeztu eta erakutsiko dute asteburu honetan (ostiralean hasi eta igandera bitartean, urriaren 16tik 18ra) Bilbon, Areatzako Kaian, musika kioskoaren aurrean, Arriagako zubiaren ondoan.

Ekimen hau burutuko da hainbat erakunderen laguntzarekin (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila; eta Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia).

Aurkezpena osatzeko, hegaluzea dastatu ahal izango da, euskal kostaldeko erara parrilan egina, Getariako Txakolinaren jatorrizko izendapeneko txakolinez lagunduta. Horrekin batera, hainbat jarduera antolatu dira: Balenciaga Museoko haurrentzako tailerrak, sareak josten ikasteko tailerra Getariako saregileekin, letxuak aldatu baratza ekologikoan (Zarautz), Kantauriko antxoak gatzetan jarri Maisorrekin, Geoparkeko altxor fosilak aurkitu…

Horrez gain, bertara hurbiltzen direnek aukera izango dute Zarauzko Harri-jasotzaile Eskolako kideekin indarrak neurtzeko edo Karlos Arguiñanoren buruhandiarekin jolasteko, trikitilarien doinuekin alaituta.

Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak ekimenaren inguruko xehetasun guztiak azalduko ditu datorren ostiralean (urriaren 16an), 12:00etan, eskainiko dugun prentsaurrekoan. Prentsaurrekoa izango da Bilboko Areatzako Kaian bertan. Agerraldi horretan, gainera, Cristobal Balenciaga Museoko zuzendari den Miren Vives-ek eskaintza berezi baten berri emango du: “Balenciaga hurbilago. Cristobal Balenciaga Museora Bisita. Bilbo-Getaria-Bilbo”. Amaitzeko, hegaluzea dastatu ahal izango da, euskal kostaldeko erara parrilan egina, Getariako Txakolinaren jatorrizko izendapeneko txakolinez lagunduta.