Italiako zinearen harribitxi batekin hasiko da zine forum denboraldi berria

Baleike 2015ko urr. 15a, 06:00

Italiako zinematografiako harribitxi batekin hasiko du Ostarrena zine klub taldeak 2015-2016 urteko zine forum denboraldia. Udazkeneko ziklo honetan bost pelikula emango dira Aita Mari zinean, eta hasteko, gaur, Paolo Virzì zuzendariaren El capital humano emango da. 22:00etan hasiko da saioa eta sarrerak aretoko leihatilan izango dira salgai 4 euroan. 

Italiar zinea aipatzerakoan, beraien zigilua utzi duten maisu handiak etortzen dira burura:  Rossellini eta De Sica, Fellini eta Visconti, Pasolini eta Bertolucci, Rosi eta Pontecorvo, Risi eta Monicelli. Zinearen historian leku propioa duten hainbat maisulan bata bestearen atzetik eman ondoren, italiar zinea krisialdi gordin batean murgildu zen. Lehen harribitxi zirenak, komedia eta drama kaskar bihurtu ziren eta 1980 eta 90eko hamarkadetan, Amelio edo Moretti bezalako zuzendariak izan ziren zinemagintzari horri arnasa eman ziotenak. 

Azken urteetan, baina, belaunaldi berri batek jarri du berriro gorenean Italiako zinemagintza. Matteo Garronek Gomorra gordinarekin eta Paolo Sorrentinok La grande bellezza txundigarriarekin hainbat sari lortu dituzte mundu mailan. Horien parekoa da gaur Aita Marin ikusi ahal izango den El capital humano, Paolo Virzì zuzendari toskanarraren 17. lana.

Stephen Amidon estatubatuarraren eleberri batean oinarritzen da filma hau eta Valeria Bruni Tedeschi eta Valeria Golina ditu aktore lanean. Guztira, Italian banatzen diren zazpi David de Donatello sari jaso ditu. 

Istripu bat da pelikula honen abiapuntua. Gabon gau batean, luxuzko 4 x 4 ibilgailu batek txirrindulari bat harrapatzen du. Istripu honek bi familiaren patua aldatuko du. Alde batetik, Giovanni Bernaschi aberatsa, urteko % 40ko mozkinak eskaintzen dituen funts baten atzean dagoen espekulatzailea, eta bestetik Dino Ossola, porrotaren atarian dagoen higiezinen agente handinahaia. Inor ez da libratzen bitrioloz betetako fabula moral honetan. 

Beste lau pelikula abendura bitartean

Estilo eta gai desberdineko beste lau pelikula emango ditu Ostarrenak urte amaierara bitartean. Hala, urriaren 29an Bille August daniarraren Corazón silencioso ikusiko da. Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen drama hau, sekzio ofizialean, eta eutanasiaren inguruko hausnarketa eskaintzen du. 

Azaroaren 12an J.C. Chandor estatubatuarraren El año más violento emango da. Drama eta thrillerra uztartzen ditu 1981. urteko New Yorken girotutako filma honek.

Azaroaren 26an errusiar jatorrizko El cartero de las noches blancas eskainiko da. Andrei Konchalovski zuzendariaren azken lana da. Estatu Batuetan onena (Runaway train) eta txarrenak (Tango & Cash) eman ondoren, Errusiara itzuli da. 

Abenduaren 10ean, berriz, Fernando León de Aranoaren Un día perfecto emango da. 

Saio denak 22:00etan hasiko dira, Aita Mari zinean.