Aita Mariko teloia zabalduko da asteburuan antzerki denboraldia hasteko

Baleike 2015ko urr. 8a, 06:00

Bi antzezlanekin hasiko da asteburuan 2015-2016 antzerki denboraldia. Ostiral gauean Gau arabiarra helduentzako saioa izango da. Igandean Txanogorritxoren bi saio izango dira

Piztu fokoak, ireki teloia eta atera oholtzara. Asteburu honetan hasiko da 2015-2016 antzerki denboraldia. Urte bukaerara bitartean haurrentzako eta helduentzako launa antzezlan izango dira, urrian eta azaroan bana eta abenduan bina. Hasteko, asteburu honetan bi antzezlan izango dira: helduentzako Gau arabiarra ostiralean eta haurrentzako Txanogorritxo igandean. Azken honek izan dezakeen arrakasta aurreikusita, bi saio izango dira, gainera. 

Euskal antzokietako oholtza gainean eta zineko eta telebistako pantailatan sarritan ikusitako aktoreak izango dira Aita Mari aretoan ostiralean, 22:00etan, Hika teatroaren Gau arabiarra antzezlana aurkezten: Kandido Uranga zumaiarra, Ramon Agirre, Ainhoa Aierbe eta Martxelo Rubio, besteak beste. 

Edukian eta forman magiaz beteriko istorioa da eta errealismotik abiatzen da. Udako gau bero baten baitan eraikin horretan topo egiten dute pertsonaiek. Laster, ordea, oroimena lanbrotzen duten amets, amesgaizto edota bien arteko nahasmenetik sor daitezkeen espazio eta istorio onirikoetara salto egingo dute.

Martxoan estrenatutako antzezlana da ostiralean Zumaian ikusi ahal izango dena. «Oso montaje zaila da, argiekin asko jokatzen duena. Duen berezitasuna da zuzeneko musika izango duela», azaldu du Miriam Romatet kultur teknikariak. Izan ere, Iker Vergara beatboxerrak zuzenean antzezten duen giro soinua gakoa izango da kontakizun guztiak elkar josi eta elikatzeko. «Oso lan berezia da eta aipatu behar da Kandido Urangak sekulako lana egiten duela».

Antzezlan honetarako sarerak aurrez salgai daude turismo bulegoan, 9 euroan. Gazte Txartela edo Aita Mari lagun izanda, sarrerak 6 euroan izango dira salgai.

Klasikoen egokitzapena

Igandean haurrentzako antzezlan beraren bi saio izango dira, eguerdiko 12:00etan lehena eta 16:30ean bigarrena. Estrenatu berria den Glu Glu konpainiaren Txanogorritxo antzezlana aurkeztuko da egun horretan. «Musika eta dantza uztatzen dituen saioa da eta, haurrek eta gurasoek pasatzen dute primeran».

Charles Perraultek jaso zuen ipuin klasikoaren moldaketa da Galder Perezek idatzi eta zuzendu duen antzezlan hau, gaur eguneratutako testu, forma, irudi eta edukiekin. Azpimarratzekoa da lanak izango duen ukitu musikala; dantzek eta abestiek Txanogorritxo lagunduko dute basoko bidean.

Sarrerak salgai daude turismo bulegoan, 3 euroan; 2 euron Aita Mari lagun txartelarekin.

Urte amaierara bitartean beste sei saio izango dira. Helduekin hasita, azaroaren 13an Huts teatroak eta Artedramak elkarlanean sortutako Etxekoak antzezlana aurkeztuko da. Lan honek harreman zuzena du Zumaiarekin, sormen prozesuaren zati bat Aita Mari aretoan gauzatu baitzen, Donostia 2016ek abian jarritako egitasmo baten baitan. Iparraldeko Luhuso herrian aurkeztuko da eta hurrengo saioa Zumaiakoa izango da. 

Abenduaren 11n Joseba Apaolazak eta Zuhaitz Gurrutxagak antzeztutako Kreditua izango da. «Antzezlan honek sekulako arrakasta izan du Katalunian, Galizian eta aurkeztu den beste lekuetan. Orain euskarara moldatu da eta barre egiteko aukera eskaintzen du». Abenduaren 18an, berriz, kabareta izango da protagonista Caperucita feroz lanarekin.

Haurrentzat, azaroa musikaren hilabetea dela kontutan hartuta, 15ean New Orleansko Cyrano izango da Zumaian. Abenduan, berriz, Moby Dick hilaren 13an eta Oliver Magic Show magia saioa 29an.