Bodyboardeko mito bat izan da gure artean

Baleike 2015ko urr. 7a, 19:50

Mike Stewart bodyaboardlari mitikoa Zumaian izan da gaur arratsaldean. Bederatzi aldiz munduko txapelduna izan den kirolari hawaiarra, Tanner McDaniel gaztearekin izan da Spot dendaren aurrean autografoak firmatzen eta bertaratu direnen galderak erantzuten. 

Orain bost urte ere Zumaian izan zen Stewart eta orduan ere jendetza hurreratu zen surf dendara kirol honetako mitoa denarekin egotera. Gaur ere hala izan da. Arratsaldeko 5etan zegoen jarrita hitzordua eta pixkanaka joan dira zaletuak hurreratzen. Batzuk, gainea, bodyboardeko taulak besapean zituztela hurreratu dira. 

Stewart eta McDaniel Portugalen izan dira zirkuituko proba batzutan parte hartzen. Maixua eta ikaslea, zirkuituko zaharrena eta gazteenak dira: batak 52 urte ditu, besteak 16; bata mitoa, bestea dagoeneko izena hartzen ari den gaztea. Behin Portugaleko probak amaituta, promozio lanetan aritu dira, bodyboardeko taula berriak aurkezten. Promozio bira horren baitan kokatu da gaur arratsaldeko hitzordua. Portugalen eta Euskal Herrian egon ondoren, Frantziarako bidea hartuko dute orain.

Makina bat poster, pegatina, surferako tresnak eta taulak sinatu eta zaleekin argazkiak atera ondoren, gogokoena dutena egin dute: uretan sartu eta olatuak hartu. Horretarako Itzurunen sartu dira bi kirolariak Zumaiako bodyboardlariekin batera. Bertan izan dute maixu handi baten mugimenduak zuzenean ikusteko aukera.