'Txanogorritxo' antzezlanerako sarrerak ditugu Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko

Baleike 2015ko urr. 7a, 13:47

Glu Glu produkzioak etxearen Txanogorritxo haurrentzako antzezlana izango da Aita Mari aretoan igande honetan, bi saiotan: 12:00etan eta 16:30ean. Bi saioetarako Kultura Sailak emandako bi lagunentzako bina sarrera ditugu Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko.

Zozketan parte hartzeko nahikoa duzue formulario hau betetzearekin. Parte hartu eta zorte on!

Sinopsia:

Txanogorritxo amarekin bizi da basoko etxean. Ume alaia eta jostaria da oso, baina eskolara joateko oraindik hilabete batzuk falta direnez, ume gajoak ez dauka norekin jolastu.

Goizean goiz, amak basoaren beste aldera joateko aginduko dio Txanogorritxori, amona gaixo dago-eta. Neskatoak pozarren onartuko du enkargua, basoko izakiekin jolasteko aukera izango baitu amonaren etxerako bidean.

Baina arriskuarekin topo egingo du baso barrenean; otso maltzurra izango da Txanogorritxorekin jolastu nahi izango duen izaki bakarra eta sekulako azpikeriaz umea engainatzen saiatuko da.

Charles Perraultek jaso zuen ipuin klasikoaren moldaketa da antzezlana, gaur eguneratutako testu, forma, irudi eta edukiekin. Azpimarratzekoa da lanak izango duen ukitu musikala; dantzek eta abestiek Txanogorritxo lagunduko dute basoko bide ahaztezin, arriskutsu eta dibertigarri honetan. Izan ere, jolastea ezinbestekoa da, baina beti ere begiak erne eduki behar dira.