Herriko bost artistaren lanak ikusi daitezke astelehenera bitartean Alondegian

Baleike 2015ko urr. 5a, 21:00

Artelan batean bere egileak gai edo proposamen baten inguruan duen ikuspuntua eskaintzen du. Baina, zer gertatzen da bost artistari gai horren inguruan beraien irudimena lanean jartzeko eskatzen zaienean? Eta gaia bakarra izan beharrean bost direnean? Ideia hau da Alondegiko Oxford aretoan ikus daitekeen 5x5 erakusketaren oinarria. Bosna artelan sortu dituzte Julian Eguiguren, Anton Eguiguren, Valentin Manterola, Irene Gutierrez eta Olatz Goiburu artistek urriaren 12ra bitartean bisitatu daitekeen erakusketa honetarako.

Berez Julian Eguigurenek bere lanak erakusteko gordeta zuen aretoa («Nahi izango banu, bost areto betetzeko adina lan baditut»), baina, afaloste batean, ideia aldatu eta ekimen kolektiboa burutzeko asmoa sortu zen. «Elena Irureta, anaia Anton, Valentin eta ni afaltzen geunden Txoaskina elkartean eta erakusketa kolektiboa gauzatzeko asmoa atera zen. Irene Gutierrez ere tartean sartu genuen. Era horretan, parte hartzen dugun artiston adina zertxobait jaitsiko litzateke», dio umoretsu Julianek. Azkenean, hainbat konpromiso medio, Elenak erakusketan parte hartzeari uko egin zion eta bere lekua Olatz Goiburuk hartu zuen. Legazpiarra jaiotzez, Zumaian bizi da Goiburu. 

Neurri bat, bost gai 

Behin parte-hartzaileen izenak erabakita, lanak burutzeko zenbait baldintza jarri zituzten: «Alde batetik, Elenak proposatu zuen neurria metro karratukoa izatea, metro bat bider metro bat. Gaiak, berriz, libreak izan beharrean, derrigorrezkoak izango ziren eta horren inguruan egingo ziren margoak. Gaiak nik aukeratu nituen: Zumaia, bodegoia, figura, paisaia (Zumaia izango ez zena) eta librea». Hilabete inguruko epea izan dute artista hauek lanak burutzeko. «Olatzek gutxiago, proposamena martxan zegoenean sartu zelako». 

Oxfordeko hormetan zintzilikatutako lanak ikusita, nabari da parte-hartzaileetako batzuk, Valentin Manterolak eta Anton Eguigurenek bereziki, beren estiloak errespetatu dituztela beraien proposamenak gauzatzeko. Beste batzuk, Julian bera kasu, jostagarriagoak azaldu dira. Artelan baterako, kalean pegatuta zeuden publizitateko kartelak erabili ditu oinarri bezala». 

Erakusketa urriaren 12ra arte izango da zabalik Oxford aretoan, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Eguigurenek ez du nahi, baina, ekimena bere horretan geratzea eta datozen urteetan errepikatzeko gogoa erakusten du, «artista bereekin edo beste batzuekin».