'Gau arabiarra' antzezlanerako sarrerak zozkatuko ditugu Baleikeko bazkideen artean

Baleike 2015ko urr. 5a, 13:54

Ostiral honetan izango da 2015-2016 antzerki denboraldia 'Gau arabiarra' antzezlanarekin. Kandido Uranga zumaiarra aktoreen taldean duen saioa ostiral honetan, 22:00etan izango da Aita Mari aretoan. Kultura sailak emandako hiru lagunentzako bina sarrera ditugu Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko. 

Zozketan parte hartzeko nahikoa duzue formulario hau betetzearekin. Asteazkenean emango dugu jakitera zein diren zortedunak. Parte hartu zozketan eta zorte on!

Aipatu sarrerak salgai daudela dagoeneko turismo bulegoan 9 euroan; 6 euroan Gazte txartelarekin eta Aita Mari lagun izanda.

Informazioa:

Gau Arabiarra Euskadiko hiru entitateren elkarlana batzen duen ekoizpen artistikoa da: KABIA, Bilbon 2006an sortzen den ikerketa talde gaztea, HIKA Teatroa, 25 urte baino gehiagoko ibilbidea duen antzerki talde donostiarra eta Pabellon 6, egun garatzen ari den sortze eta aurkezpenerako espazio bilbotarra. Horretaz gain, Euskal Herriko zein Kataluniako freelance profesionalak ere proiektuan parte hartu dute.

Honako aktore hauek parte hartuko dute Gau Arabiarrean: Kandido Urangak LOMEIER pertsonaia antzeztuko du, Ramon Agirrek ere gauza bera egingo du KALILekin, Ainhoa Aierbek FATIMArekin, Martxelo Rubiok KARPATIrekin, eta beste horrenbeste Ane Pikazak, FRANTSISKArekin. Iker Vergara (Mufasah) Beatboxerrak obraren giro soinua sortuko du zuzenean. Bestalde, testuaren itzulpena Arantxa Iturberena da.

Elkarlanari esker burututako proposamena

Borja Ruiz, KABIAko zuzendaria, eta Laia Ricart, aktore eta zuzendari freelance-a dira La Noche Arabeko gaztelerazko bertsioaren lehen entseguak zuzenduko dituztenak.
Ondoren, HIKA Teatroko Agurtzane Intxaurragarekin jarriko dira harremanetan, bi entitateen kolaborazio artistikoa proposatuz. Zuzendaritza artistiko hirukoitza du proiektu honek, eta ustez arriskutsua zein erakargarria den ideia hau aurrera ateratzeko asmo bateratua du bere baitan. Hauekin batera, PABELLON 6 Arte Eszeniko Sortzaileen Elkartea- ere proiektuan bildu da. Elkartea bertako profesionalek autogestionatzen dute, eta hainbat talderen lanak erakusten dituzte. Beraiek sortutako produkzioak edo koprodukzioak sustatzen dituzte, eta horren adibide da Pabellon 6 Antzerki Laborategia deiturikoa. Obrak eszenatokian denboraldi batez egoteko aukera eskaintzen dute, eta modu horretan, publikoaren erantzuna indartzen laguntzen du, eta baita, proiektuen garapen artistikoa sendotzen ere.

Hiru proiektu hauen hurbiltasuna (fisikoa eta artistikoa) kontuan hartuta, jatorri ezberdinetako profesionalen, euren ezinegonaren eta lengoaien fusioarengatik apustu egiteko aukera sortuko da horrela, eta obra gazteleraz nahiz euskaraz aurkezteko proposamena aurrera eramango dute.

Espazio bateratu hau pizteko eskuartean aukera paregabea daukagula sinetsita gaude. Testua bikaina da. Erritmoa, pertsonaia liluragarriak eta bukaerara arte tentsioa mantenduko duen geruza askoko istorioa osatzen du. Gainera, kontatzeko modu berezia du bere baitan, zitala eta zuzena, orain arte beste autoreengan ikusi ez duguna. Testuak ikuskizunaren ekoizpen soiletik haratago joateko aukera irekiko du horrela: lengoaia berezi baten bila, istorioak esan nahi duenaren eta aktoreek kontatuko dutenaren arteko elkartasun baten bila, antzerkiaren eta bere ikusleen arteko hurbiltze baten bila, alegia.

Gau Arabiarra; Ametsetako bidaia arraro bat, argibideen eskulibururik gabeko munduan, non errealitatea, nahia, imajinazioa eta oroimena nahastu egiten diren etxebizitzen eraikin ezezagun batean.

“Baina nik ura entzuten dut. Hormen atzean entzuten dut. Entzuten dut igotzen. Kantu bat bezala. Kantu baten arrastoa pasiloetan. Kantua eskaileratan. Arrastoa zazpigarren solairurantz. Beti entzuten dut ura.”
Lomeier

Gau Arabiarra, edukian eta forman magiaz beteriko istorioa da: bost pertsonai, egiten dutena esanez eta esaten dutena eginez, ziztu bizian bizitako ekintzatik narraziora salto eginez. Pentsatzen dutena biziz eta bizitzen dutena pentsatuz. Pertsonaiaren bizipenetatik istorioen kontalari izateraino doan joko eszenikoa miatzea izan da, beraz, testu hau aukeratzerako orduan gakoa.

Istorioa errealismotik abiatzen da. Udako gau bero baten baitan eraikin horretan topo egiten duten pertsonaiek. Laster, ordea, oroimena lanbrotzen duten amets, amesgaizto edota bien arteko nahasmenetik sor daitezkeen espazio eta istorio onirikoetara salto egingo dute.

Bestalde, Iker Vergara Beatboxerrak zuzenean antzezten duen giro soinua gakoa izango da kontakizun guztiak elkar josi eta elikatzeko.

Gau Arabiarrak erakutsiko digu elkarlana dela artea bizitzen ari den garai zail hauetan aurrera egin ahal izateko dagoen bide eta aukera bakarra, lan talde osoaren arteko konplizitatearekin eta hartu-emanarekin.

Informazio gehiago:
www.hikateatroa.eus / www.kabia-teatro.com / www.pabellon6.org