Xabat Manzisidorrek eta Nere Arregik irabazi dute XIX. Zakila Bira lasterketa

Baleike 2015ko urr. 3a, 21:34
Xabat Manzisidor helmugara heltzen. Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

Atletismoaren festa ospatu da gaur arratsaldean Zumaian. 400dik gora korrikalarik hartu dute parte XIX. Zakila Bira kros herrikoian. Eguraldi ezinhobea izan dute eskualdeko errepidetan zehar burutzen den 20 kilometroko ibilbidea betetzeko. Irabazleak Xabat Manzisidor azpeitiarra eta Nere Arregi arrasatearra izan dira. 

Arratsaldeko 5etan abiatu dira korrikalariak Erribera kaletik. Hasi eta berehala hartu du burua Xabat Manzisidorrek eta parolaldetik bueltan, Arroarako bidea hartu aurretik, Erribera berriro zeharkatzean, 100 bat metroko aldea ateratzen zioen bigarren postuan zihoan kirolariari. Nahiz eta aurretik oraindik beste 18 kilometro zituen, bere martxa mantendu du azpeitiarrak eta bera izan da lasterketako irabazlea 1:07:57 denborarekin. Bigarren Pello Osoro heldu da (1:09:44) eta hirugarren David Martin (1:10:02).

Pozik, oso pozik, zegoen Manzisidor lortutako garaipenarekin. Lauzpabost bat aldiz korritu du lasterketa hau eta lehen aldia da irabazten duela. Denbora bikaina egin du azpeitiarrak, baina Ion Salvador bilbotarrak jarritako errekorretik (1:04:14) urrun geratu da.

Emakumezkoetan, Arrasateko Nere Arregik lortu du garaipena. Bere kasuan ere laugarren aldia da Zumaian korritu duela eta 1:21:12 denborarekin lortu du lasterketa irabazlea. Bigarren Nerea Azpiazu azpeitiarra izan da (1:26:10) eta hirugarren Amaia Iza (1:26:42). Emakumezkoetan ere ezin izan da errekorra hautsi eta 2006. urtean Iratxe Aranburuk ezarritako 1:13:00 mantentzen da.

Zumaiarrei dagokionez, gizonezkoetan Joseba Amilibia izan da azkarrena 1:13:51 denborarekin eta emakumezkoetan Vanessa Arbelaitz 1:39:55 denborarekin.