Aho batez onartu da Kontu Orokorren onespena

Baleike 2015ko ira. 25a, 14:00

Atzo arratsaldean egin zen ohiko plenoan, Udalbatza osatzen duten hiru taldeek Zumaia errefuxiatuen babes-hiri izateko adierazpen instituzionala onartu zuten.

 

Hainbat kontu jarri ziren mahai gainean udaletxean eginiko plenoan. Hasiera batean, aurreko bilerako aktaren onarpena egin zuten.

Jarraian, hirigintzako gaia hartu zuten esku artean: Juan Belmonteko exekuzio subsidiarioaren espedientea. Oier Korta alkateak gai honen inguruan abstenitu egingo zela aipatu zuten, eta gidaritza alkate ordeak emango zuela.

Ogasunari dagokionez, lau punturen inguruan mintzatu ziren. Lehendabizi Kontu Orokorraren onespena egin zuten. Kontu hauek, uztailaren 29an egin zuten batzorde berezian onartu ziren eta atzo aho batez berretsi zuten.

Bigarren puntua 2015/08 ingera orriaren eta alkatearen erantzuna izan zen. Kortak aditzera eman zuenez, "kontratu batzuk zaharkituak geratu dira, eta dagoeneko berri batzuk lortzeko lanean gaude. Laster jarriko da zabor bilketarena, adibidez".

Hirugarren puntuan, Udalaren 10, 11 eta 12 kredituen aldaketen berri eman zen. 12. kredituaren aldaketan esaterako, gehikuntza jasan dutenak, hezkuntzako hobetze obrak izan dira. Guztira, 15.000 euro inbertitu dira bertan.

Azken puntuan, defizita eta gastu araua igo dela komunikatu zen.

Zumaia errefuxiatuen babes-hiri

Azkenik, Zumaia errefuxiatuen babes-hiri izateko adierazpen instituzionala aurkeztu zuten. Guztiak ados agertu ziren proposamenarekin, EAJko Xabier Garmendia zinegotzia izan ezik. "Proposamenean esaten denarekin ados nago, baina ez zait iruditzen errefuxiatuen arazoa aztertzen denik, ez eta aurre egiteko zein konponbide dauden". Hori dela eta, botua emateko garaian, abstenitu egin zen.

Arritxu Marañonek (PSE) berriz, gizartea kontzientziatzeko, gai garrantzitsutzat jo zuen. "Guztiak zoriondu egiten ditut, denok bat eginik osatu baitugu adierazpen instituzional hau. Zumaia herri solidarioa da eta aurre egingo diogu gai honi". 

Amaieran, eskari eta galderen tartean, Oier Korta alkateak EH Bilduko Alex Olideni beraien koalizioak aurkeztu dituen 40 proposamenen dokumentua Udalean uzteko gonbidapena luzatu zion. "Niri dokumentua eskura eman didazu, baina iruditzen zait, Udalean bertan ere utzi egin behar duzula" esan zion. Alex Olidenek baiezkoa eman zion.

Amaitzeko, Alex Oliden berak eskari bat aurkeztu zuen Udalbatzara. "Gure taldea kolektibo anitz batek osatzen du, horregatik, dagokion izenarekin deitzea eskatzen dugu, beste izendapenik ez ematea. Alegia, EH Bildu deitzea".