EAJk ere bat egin du errefuxiatuen inguruko adierazpenarekin

Baleike 2015ko ira. 23a, 11:57

Hasieran batean EH Bilduk eta PSEk adostutako adierazpenarekin bat egin du EAJk ere, eta biharko udal plenora (18:00etan) hiru udal taldeen izenean aurkeztuko dute. Zumaia errefuxiatuen babes-hiri izateko adierazpena jasotzen du agiriak. Hemen testua osorik:

Adostutako adierazpena:

Europako herrialdeetarako migrazio fluxua errealitate geldiezina da azken urteotan, ezberdintasun sozialen, krisi humanitario eta ekonomikoen eta Afrikako, Europako Ekialdeko eta Ekialde Hurbileko gerra gero eta ugariagoen ondorioz.

Drama humanoa da, haien herrietatik ihesi datozen milaka eta milaka pertsonen heriotza eragiten duena. Hala ere, mundua lekuko isila da eta mendebaldeko agintarien ezintasuna eta geldotasuna gero eta nabariagoak dira.

Azken urteotan barne gerrek eta okupazio militarrek exodoak eragin dituzte Sirian, Iraken edo Afganistanen. Azkenaldian, horri beste errealitate bat gaineratu zaio, fanatikoa eta muturrekoa, Ekialde Hurbila ez ezik, Europako herrialdeak ere atentatu eta beldurra hedatzeko ekintzez kolpatu dituena.

Errealitate berri honen irtenbidea konplexua dela jakinda, onartezina da Europar Batasunaren eta haren gobernuetako agintari politikoen isiltasun mingarria. Gatazkek eta giza eskubideen urraketak eragindako migrazio fluxu honi ezin zaio erantzun alanbre hesiez eta jazarpen militarraz, ezta bizirik jarraitzeko ihesi datozenei merkataritza kuotak ezarrita ere.

Honengatik guztiarengatik, Zumaiako Udaleko EAJ-PNV, EH Bildu eta PSEren talde politikoek honako ADIERAZPEN INSTITUZIONAL hau aurkezten dute:

1.- Zumaiako Udalbatzak Siriako eta beste herrialde batzuetako gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du, baita konpromiso bera duten beste udal batzuekin lan egitekoa ere.

2.- Krisi humanitario honi modu aktiboan eta elkartasunez eta justizia humanitarioaz erantzuteko esk Europar Batasuneko estatu kideetako agintari eta gobernuei. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsona guztiak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzaten ere eskatu behar zaie.

3.- Zumaiako Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari tragedia honen aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezaten eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzaten eskatzen die.

4.- Arestian aipatutako bi erakunde horiekin eta Euskal Herriko beste udal batzuekin lan egiteko konpromisoa hartzen du Zumaiako Udalbatzak, errefuxiatu hauek hartzeko tokiko sare bat egituratzeko, hala nola, hiri aterpeen sarearekin bat eginez.