Elkarlanerako gonbidapena luzatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari

Baleike 2015ko ira. 22a, 11:57

Zumaiarron ongizaterako 40 proposamenez osatutako dokumentua aurkeztu dute.

Atzo bete ziren 100 egun Zumaiako alkatetza EAJk hartu zuenetik. Denbora honetan, hausnarketarako tartea hartu dute EH Bildu osatzen duen lantaldeak, eta EAJri elkarlanerako eskaintza egitea pentsatu dute.

“Jarrera eraikitzailea dugu, politika egiteko beste modu bat lantzea da gure nahia eta horregatik, elkarrekin garatzeko bideak zabaldu nahi ditugu” adierazi zuen Alex Oliden EH Bilduko zinegotziak.

“Hauteskunde kanpainan EH Bilduk aurkeztu zuen herri programa, baita EAJk ere, eta bi alderdion programetan herriarekin lotuta elkarrekin lantzeko moduko puntuak ugariak zirela agerikoa zen. Baina badirudi elkarlanerako asmoak alde batera geratu direla” azaldu zuen. “Horren aurrean, eta alderdion interesen gainetik, Zumaiarentzat hoberena dena lehenesteko eskaintza luzatzen diogu, komunean ditugun puntuak elkarlanean garatuz eta ekarpenak eginez” jarraitu zuen.

Hori dela eta, herri programa berrikusi dute, eta lanketa sakon baten ondoren, dokumentu berri bat aurkeztu zuten atzo egindako agerraldian. Guztira 12 ataletan banatua dago, eta bertan, zumaiarron ongizaterako 40 proposamen irakur daitezke. Dokumentu osoa interneteko helbide honetan kontsultatu daiteke: issuu.net/ehbilduzumaia/docs/40proposamen. “Edozein ekarpenetarako irekita gaude, eta herriko eragileak eta norbanakoak ere animatu nahi ditugu beraienak egitera. Horretarako zumaia@ehbildu.net helbidera idatzi daiteke”.