Arrauna

"Hemendik aurrera pinganillorik gabe"

Baleike 2015ko ira. 20a, 21:21

Pozez gainezka agertu dira Telmo Deuneko arraunlariak kofradiako balkoira, plaza eta inguruak bete dituzten herritarrekin maila igoerako festa ospatzeko gogotsu. 

Felix Aizpuruak eta Arritxu Iribarrek egin dituzte aurkezpen eta gidari lanak gaur arratsaldean arraunlariei egin zaien harreran. Han entzundako esaldi batzuk ekarri ditugu hona:

Gontzon Enbil, kiroletako zinegotzia: "Zorionak lortu duzuenagatik; Hondarribian beldurtzen hasita daude datorren urterako"

Anjel Etxaniz, arraun elkarteko presidentea: "Ekainean esan genuen denboraldi handi batean hasieran geundela; irailean gaude eta 22 bandera lortu ditugu. Ez dut uste askok esan dezaketenik".

Unai Osa, Telmo Deuneko patroia: "Pozez zoratzen gaude denok; egia esan, erreferentziarik ez geneukan, baina sekulako estropada egin dugu. Hemendik aurrera pinganillorik gabe!"

Jagoba Uranga: "Entzun degu Zumaia ez dela erregularra, baina ikusi da beste batzuk direla txanpaina bezala: hasieran aparra baina gero...".

Mikel Uranga: "Ezin da esplikatu zer sentitzen den... Guk herriaren alde egiten dugu arraunean".