Zumaiako Musika Jaialdia

Musika Jaialdiaren balorazio oso baikorra egiten du antolakuntzak

Baleike 2015ko abu. 14a, 11:25
Argazkia: Alondegia kultur etxea

Zuzeneko musika zeraman pelikula baten emanaldiaren amaitu zen asteazkenean aurtengo Zumaiako Musika Jaialdia. Antolatzaileek balorazio baikorra egiten dute, bai emanaldien kalitateagatik, baita ere, eta hau bereziki, saioetara hurreratutako entzule kopuruarengatik.  

Aurreko urteetako politika bera erabili da programazioa osatzerakoan. Musika klasikoak jarraitzen du Jaialdiko bizkarrezurra izaten, baina beste musika estiloak gehitu zaizkio, hala nola, euskal musika, jazza edota gospela. Aniztasun horrek entzuleen gustukoa izaten jarraitzen duela dirudi, edo hala interpretatu daiteke kontzertu batzuetan izandako entzule kopurua ikusita: parrokia txiki geratu zen San Pedro eta Landarbaso abesbatzek abuztuaren 2an emandako kontzertuan edota, zer esanik ez, Baionako gospel koroak komentuan emandako saioan; kolkoraino beteta, entzule batzuk kanpotik jarraitu behar izan zuten emanaldia. Iñaki Salvador eta Itziar Barredok Aita Mari aretoan, eta Garikoitz Goikoetxeak eta Aitor Furundarenak Mari kalean emandako kontzertuetan ere jendez gainezka izan ziren agertokiak.

Eguraldiak ere izan du bere eragina, are gehiago emanaldi batzuk kalean egiten direnean. Hala, hasierako eta amaierako kontzertuak, Klarinete Laukotearena eta Javi Perez de Azpeitiak musikatutako zine saioa, biak Mari kalean egin behar zirenak, Alondegiko Oxford aretora eraman ziren. Euskal Jai egunean izan behar zuen Euskorleans jazz taldearen kalejira, berriz, Eusebio Gurrutxaga plazan jarritako karpan sartu behar izan zen.

Hori hala izanda ere, antolakuntzak aurtengo Jaialdiaren balorazio oso baikorra egiten du. Entzulegoari eta Jaialdia antolatzen laguntzen duten Musika Patronatuko kideei bere eskerrak ere luzatzen dizkiete.