Zumaiako Musika Jaialdia

Zinea eta musika uztartzen dituen saioarekin amaituko da gaur aurtengo Musika Jaialdia

Baleike 2015ko abu. 12a, 10:05
Ikusle kopuru handia hurreratu zen atzo dantza saioak jarraitzera

Zine saioa izango da gaur, Zumaiako Musika Jaialdiaren azken jardunaldian. Ez da zine saio normala izango, baina, zuzenean jotako musikaren laguntza izango baitu. Zine klasikoko hainbat maisulan ikusteko aukera izan da Zumaian. Aurten, maisu handienetako baten lan ez hain ezaguna emango da: Ernst Lubitsch-en Die Austerprinzessin (Ostren printzesa). 22:30ean, Mari Kalean eta eguraldi txarra eginez gero Oxford aretoan.

1919. urteko lana da gaur ikusiko dena. Pelikula honetan Ernst Lubitsch zuzendaria (Berlin, 1892 – Hollywood, 1947), bere estilo pertsonala garatzen hasi zen lehen aldiz, “Lubitsch ukitu” bezala ezagun egin zena, hain zuzen ere. Hala, isekarako joerak eta ironia finak bustitzen dituzte satira sozial honetako arlo guztiak: pertsonaiak, interpretazioak, dekoratuak, egoerak…

Ossi Oswalda, umore eta  bizitasun handiko aktorea, Lubitschen hamaika pelikuletako protagonista  izan zen, nahiz eta bost besterik ez diren heldu gugana. Emakume honek ekoiztetxe bat ere sortu zuen, baina soinudun zinemarekin dena galdu zuen: aktore lana eta ekoiztetxea.