"Hemendik aurrera ere Inpernuperen proiektuak segida izango du"

Baleike 2015ko abu. 10a, 11:08

Espainiako Auzitegi Gorenak erabakatitako itxiera eta dekomisoaren laino beltza une batez alde batera utzi eta festa giroan ospatu zuen Inpernupek bere 29. urteurrena. Goizean hasi eta iluntzera bitartean luzatu ziren ekitaldiak.

Kofradiako plazan eta Estalapean haurrentzako jolasak eta tailerrak izan ziren egun osoan zehar. 13:00etan kontzentrazioa egin zen Inpernuperen aurrean eta ondoren, adierazpena irakurri eta gero, Maddi Gallastegik pare bat bertso bota zituen. 110 lagun elkartu ziren 14:30ean egin zen herri bazkarian, eta ospakizunekin amaitzeko Deiadar eta Voltaia taldeen kontzertuak eta txorizoa eta sagardoa izan ziren txotxetik.

Irakurritako adierazpenean gogoratu zen Inpernupe zumaiar askorentzat "bilgune eta leku erreferentziala" izan dela. "Inpernupek beti ateak irekita izan ditu, edonorentzat, izan bazkide edo ez, eta zumaiar eta talde asko izan dira bertan eta bertatik lan egin dutenak, Elkartearen eta tabernaren espazioa aprobetxatu dutenak beraien proiektuak aurrera eramateko. Gainera, tabernak Erribera kalea biziberritzen lagundu du, eta Kultur Elkarteak ekitaldi ugari antolatu ditu".

Elkarteak eta tabernak gainean duen "itzal handia" gogoan izan zuten: "Urte asko luzatu ondoren, iaz jakin genuen Inpernuperen eta beste arranoen aurkako sumario luzearen eta ondorengo epaiketaren emaitza: Inpernupe eta beste 106 elkarte dekomisatzea, kentzea. Hori guztia  bazkide direnei inolako epaiketarik egin gabe. Argi eta garbi adierazi nahi dugu: Inpernupe norbaitena baldin bada bazkideona da, eta 29 urte hauetan erabili izan duten zumaiarrena eta taldeena, guztiona. Epaian dekomiso hitza erabiltzen dute, baina guretzat beste bi hitzek hobeto laburbiltzen dute ekintza hau: lapurreta eta bidegabekeria. Epaia lapurreta hutsa delako, eta epaia injustua delako".

Inpernupe proiektuak herrian duen babesa goraipatu zen, "bazkideona eta beste zumaiar eta erabiltzaile askorena" eta proiektuaren aurrera segitzeko borondatea azaldu zuten. "Infernuaren azpitik, infernuaren gainetik, baita infernuan izan behar badu ere, asko garelako honetan sinesten dugunak eta proiektu hau bultzatu nahi dugunak. Horregatik, guztiok animatu nahi zaituztegu ahal duzuen neurrian proiektu honetan parte hartzera eta babesa ematera, behar baldin bada etorkizunean beste bilgune bat egiteko, berriz ere zumaiar guztientzat ateak zabalik izango dituen bilgunea eraikitzeko. Izan ere, zabalik dagoena eta sarrailarik ez duena ezin da itxi, eta Inpernupe ez dute inoiz itxiko, geldiaraziko".