Zumaiako Musika Jaialdia

'Paperetatik soinuen mundura...' hitzaldia emango du Iker Gonzalez Cobeagak

Baleike 2015ko abu. 10a, 09:56

Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan hitzaldiek ere bere tartea izaten dute. San Pedro Abesbatzako kide Iker Gonzalez Cobeagak 'Paperetatik soinuen mundura...' izeneko hitzaldia emango du, gaur, 20:00etan, Alondegian. 

Hizlariak era honetan laburbildu du gaurko saioa:

Gaur egun edozein tokitan entzun dezakegu musika. Grabaketei esker ez da beharrezkoa musika zuzenean egotea. Asmakizun honen aurretik musika gordetzeko era bakarra ordea, papera zen. Mendebaldeko kulturan garrantzia itzela izan du idazkera honek eta gaur egun mende ezberdinetako eta jatorri ezberdinetako musikak eraman ditzakegu paperetik soinuen mundura.

Entzuten ditugun lan musikalen atzean lan ixil asko dago, musikoena eta baita musikagileena ere.  Lan honetan murgilduko gara gaurko solasaldian lan hauetan dauden hainbat elementu agerian utziz.

Iker Gonzalez Cobeaga

Euskal Herriko Unibertsitatetik Kimikan doktorea. Musika ikasketak bere ama den Miren Tere Cobeagarekin hasi zituen. Asentxio Elustondorekin harmoniaren oinarriak ikasirik, hortik aurrera bere prestaketa autodidakta izan dela esan daiteke. Hainbat obra eta moldaketa idatzi ditu Zumaiako musika talde ezberdinentzat (Gabon Korua, Beheko Plaza, Zumaiako Udal Musika Banda eta San Pedro Abesbatza); baita Itziarko Parrokiko Abesbatzarentzat eta Errenteriako Landarbaso Abesbatzarentzat ere. Aipatzekoa da 2013an Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak duen “Sorkuntza Koralerako Laguntzak” programaren barne “Itxaso ta eguzkia” obra estreinatu zuela San Pedro Abesbatzarekin. Obra hau eta Bitoriano Gandiagaren hitzen gainean idatzitako “Ama Lur” obra 2013an Zumaiako Udal Musika Bandak eta San Pedro Abesbatzak grabaturiko “Suite” diskoan aurki daitezke. 2014an Landarbaso Abesbatzak, MUSIKASTE jaialdiaren barne “Ave Regina Caelorum” estreinatu zuen, obra honekin Rigan ospaturiko WORLD CHOIR GAMES lehiaketan parte hartu zutelarik, polifonia sailean.