Zumaiako Musika Jaialdia

Gospel kontzertua izango da gaur, Musika Jaialdiaren baitan

Baleike 2015ko abu. 8a, 16:28

Gospel musikak ere bere tartea izango du Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan. Gaur, 20:00etan, komentuan, Baionako Go Swing taldearen kontzertua izango da. 

Duela 15 urte sortu zen Baionan Go Swingtaldea. Gospela abesteko grinak bultzatuta jarri zuten martxan, eta bilakaera naturala izan da jazzera ere hurbiltzea. Léo Lagrange elkartearen abaroan hazitako taldeak beti lagundu izan die dirua biltzeko beharra zuten elkarteei eta urteotan Telethon bezalako ekitaldi handitan aritu dira kantari. Jaialdi entzutetsutan ere abestu dute, hala nola Jazz aux Remparts, la Nuit du Patrimoine eta Festival de la Bible.

Maureen Rubichon abesbatzako zuzendariak kantu klasiko ikasketak eginak ditu. London Academy of Music and Dramatic Art taldearekin hasi zen kantuan eta Baionako CNR-n dabil orain. Londresen egon zen umetan gerra garaian, eta orduan ezagutu zituen Duke Ellington, Glenn Miller eta halako maisu handien doinuak. Jazz eta Swing-arekiko zaletasunak Frantzian jazz kantua lantzera bultzatu zuen. Ikastaroak egin ditu besteak beste Christiane Legrandekin eta Swingle Singerseko sortzaile Ward Single-ekin.

Gospelak eta Jazzak sortzen duten poza eta alaitasunak eramanda, zuzendari lanei ekin die. Berezko dituen indarra eta kemenaz gain, benetakotasuna da bere ekarpen nagusia.