"Aurrera begiratu behar da, gorrotorik gabe, baina, baita ere, axolagabekeriarik gabe"

Baleike 2015ko abu. 8a, 14:35

"Gauzak nahi baino makalago" doazela onartu du Jesus Mari Mujikak, Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko bozeramaileak, omenaldia amaitu eta berehala Korta enpresaren sarreran kazetariei zuzendutako hitzetan. Makal joanda ere, bizikidetza baketsuaren alde lan egiterakoan bi gauza kontutan izan behar direla azaldu du: "aurrera begiratu behar da, gorrotorik gabe, baina, baita ere, axolagabekeriarik gabe. Hori posible izango da baldin eta bizi izan dugun hori zintzo aztertu eta agertzen badugu". 

Bere adierazpenetan, lau puntu detailatu ditu Mujikak: "Bat, sentsibilitate guztiei hitza eman behar zaie, eta bi, guztiok geure erantzukizuna beregain hartu behar dugu. Hori ezinbestekoa bihurtuko da eta hor garbi geratuko da denek ez dutela erantzukizun berbera". Zentzu horretan, Fundaziotik eskerrak luzatu nahi izan zaizkio Iñigo Urkullu Lehendakariari orain hilabete batzuk 200 biktimen aurrean esandako hitzengatik. Topaketa hartan, Urkulluk onartu zuen erakunde publikoek ez zutela behar bezalako sentsibilitaterik erakutsi biktimekin bere garaian eta barkamenak eskatu zituen.

Aurreko biez gain, beste bi puntu azaldu ditu bozeramaileak: "errugabe diren biktima guztiekiko errespetua, orain eta baita gero ere, eta azkenik, eta hau azpimarratu nahi nuke, bizikidetzaren alde egiten ari diren lan izugarriak eskertzea biktima askorik. Eskertu, txalotu eta babestu horretan ari diren pertsonei eta erakunde guztiei".

Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioak bakearen alde lan egiten jarraituko duela esanaz amaitu ditu bere hitzak.