Euripean eta isiltasunean egin da omenaldi ekitaldia. Familiartekoak monolitoaren alde batean jarri dira. Marian Zearreta, Joxe Mariren alarguna, seme Landerren besotik helduta hurreratu da. Sendiarekin batera izan da egungo alkate Oier Korta, Joxe Mari zenaren iloba. Ordezkari politikoak oroitarriaren bestaldean jarri dira. Besteak beste omenaldian izan dira Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundia ordezkatzen; Jonan Fernandez, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkari Nagusia; Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Institutua zuzenduko duena; Zumaia eta Zestoako udaletako ordezkariak, alderdi politikoen ordezkaritza zabala; eta enpresariena, Adegiko presidente Pello Gibelalde buru izan dela. Maixabel Lasa, ETAk hil zuen Juan Mari Jauregi gobernadore zibilaren alarguna, eta Gorka Landaburu, terrorismoaren biktima, ere ekitaldian izan dira. Eta nola ez, hainbat herritar ere inguratu dira Gorostiagara, enpresariaren izena daraman Joxe Mari Korta industrigunera.
Eguerdiko 12:00etan hasi da ekitaldia. 15 minutuko iraupena izan du elkarretaratzeak. Une batean, auto bateko bozgorailuetatik ateratzen zen musika klasikoaren doinuek hautsi dute isiltasuna. Txalo zaparrada batekin agurtu dute omenaldi ekitaldia.
Bakean oinarritutako elkarbizitza
Ekitaldiaren ondoren bidalitako ohar batean, Zumaiako Udal Gobernuak “iraganean izandako bidegabekeriak” gogoratu, eta gaurtik aurrera “bakean oinarritutako elkarbizitzaren alde” lan egiteko konpromisoa azaldu nahi izan du.