Zumaiako Musika Jaialdia

Jazzaren galbahetik pasatako musika barrokoa

Baleike 2015ko abu. 4a, 23:43

Aita Mari aretoko ia eserleku guztiak bete dira gaur Musika Jaialdiaren baitan izan den Johann Sebastian Jazz kontzertuan. Bi piano bata bestearen alboan; bi pianojole: Iñaki Salvador, jazz munduan jatorria duena, eta Itziar Barredo, musika klasikoan aditua; eta konposatzaile bat: Johann Sebastian Bach. Hori bai, jazzaren galbahetik pasa dute maisu handiaren hamar bat konposizio.

Salvadorrek birritan aipatu duen bezala, barroko garaiko musikariak inprobisatzaile jaioak ziren, nahiz eta gaur egunera partituratan jasota geratu dena bestetik ez den heldu. Baina zer nolako obrak heldu diren! Iñaki Salvadorrek kontzertuaren izen bere duen bere azken diskoan jasotzen du bi musika estilo hauen uztartzea. Pasa den Donostiako Jazzaldian aurkeztu zuen emaitza. Kontzertu hartan Alexis Delgado pianojoleak jorratu zuen alde klasikoa. Gaurkoan Itziar Barredok bete du paper hau. Zumaiako Musika Jaialdiko zuzendari ohia da Barredo eta aspalditik ezagutzen du Salvador. Azken honek umoretsu sarritan azaldu duen bezala, kontserbatorio batean ezagutu ziren eta Barredo bere nagusia ere izan zen, "nahiz eta bera ni baino gazteagoa den. Nola dagoen mundua!".

Hamar lanez (gehi bisa) osatutako programa osatu dute. Itziar Barredok jotako konposizio klasikoetatik abiatuta, Salvadorrek jazz ukituak gehitu dizkio. Besteak beste, Goldberg bariazioak entzutetsuaren beste ikuspuntu bat eskaini dute bi pianojoleek, entzuleen zoramenerako. Ez hori bakarrik, obra bera bitan jo dute, baina bigarren interpretazioak zer ikusi gutxi izan du lehenarekin. "Jazza paperik gabeko musika dela esan daiteke. Inprobisatu egiten da eta barroko garaiko musikariekin ere hala gertatzen zen". Ragtime erara jo dute obra hori bigarren interpretazioan (sanba ukituak ere ez dira falta izan beste obra batean), XX. mende hasierako jazzaren ukitua emanaz. Amaieran, txalo zaparrada handi batekin agurtu dituzten entzuleek bi musikariak.