Zumaiako Musika Jaialdia

'Barrokino' ikuskizun musikala izango da gaur arratsaldean Aita Marin

Baleike 2015ko abu. 3a, 08:16

Ostiralean hasi zen Zumaiako Musika jaialdiaren egitarauaren baitan, gaur, astelehena, 19:00etan, Barrokino ikuskizun musikala izango da Aita Mari zinean. Sarrerak bi euroan daude salgai turismo bulegoan; doan Aita Mari bazkide txikientzat.

Teatro Paraisoren ikuskizun hau lau urtetik gorako haurrekin hasi eta familia guztientzako egokia da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta antzerki konpainia honek elkarlanean prestatutako produkzioa da gaur Zumaian ikusi ahal izango dena.

Sinopsia

Corelli, Zala eta Galdeano, Nebra, Bach, Biber eta Vivaldiren lanak hautatu eta istorio oso berezia ehundu du Teatro Paraísok: viola da gamba, biolin eta gitarra barrokoaren antzinako doinuak, ahotsekin eta akzio dramatikoarekin uztartuko dira.

Lorategian merienda egiteko bilduko dira hiru instrumentista, bi abeslari eta emakume aktore bat. Antzezlea da lagunak gonbidatu dituena arratsalde pasa mahai oparo baten inguruan, kopa finetan edan eta fruta ugaria dastatzera.

Giro bukoliko honetan denbora geratu egingo da, musika eta dantza barrokoarekin jolasean, lagunartean jan eta edaten ari direla.

Estetika landuak, girotzeak eta garai bateko arropek, mugitzen den margolan barroko bat dakarte gogora.

Barrok…ino egitasmo musikal eta eszeniko berezia da, emozioa eta gozamena sentiarazteko pentsatua, ikusleen zentzumenak kitzikatuko dituen inguru poetiko batean.

Arte barrokoa dinamikoa eta sentsoriala da, beraz, ezin egokiagoa bereziki haurrei zuzendutako ikuskizun baterako.

Plazer hutsa izango da. Gozatu!

Biharko kontzertua

20:00etan, Aita Marin, piano kontzertua: Johann Sebastian Jazz, Iñaki Salvador eta Itziar Barredorekin.