Inpernuperen itxiera eta inkautazioaren aurka agertu dira EAJ eta EH Bildu

Baleike 2015ko uzt. 28a, 11:20

Herriko tabernen auzia atzo egin zen Udaleko ezohiko plenora heldu zen. Hasiera batean EAJk eta EH Bilduk honen inguruko proposamen propioak aurkeztekoak baziren ere, azkenean mozio bateratua aurkeztu zuten. Bi alderdien aldeko botoa jaso zuen eta PSE-EEk kontra bozkatu zuen.

Mozioak honela dio:

EAJ-PNV eta EH-Bilduren adierazpena Inpernupe Kultur Elkartearen egoitzaren itxieraren aurrean.

Espainiako Auzitegi Gorenak, Euskal Herriko 107 herriko tabernaren itxi eta inkautatzeko harturiko erabakiaren inguruan, eta honek Zumaiako Inpernupe Kultur Elkarteari zuzenean eragiten dionez, honakoa adierazten dute:

1.- Inpernuperen itxiera eta inkautazioaren aurka agertzen gara. 90 bazkide dituen elkarte gastronomikoa eta taberna izateaz gain, ekintza ugari antolatzen dituen kultur taldea du, berauen egoitza ixtea bidegabekeria da. Inpernupe azken 29 urteetan bertan parte hartu duten herritarrena da eta harturiko erabaki honen aurrean gure elkartasuna adierazi nahi diegu bertako kide eta erabiltzaile guztiei.

2.- Auzitegi Gorenaren sententziak ez du zantzurik ematen Inpernupe ixtearen arrazoiaren inguruan. Bakea, konponbidea eta elkarbizitzaren bidean horrelako epaiak ez dira oztopo besterik. Oztopo hauen gainetik, herritar guztiei etorkizunerako bidea argi izanik, bakea, elkarbizitza eta justiziaren alde jarraitzeko deialdia egiten diegu.