Alkatearen soldata igoerak eragin du legealdiko lehen eztabaida

Baleike 2015ko uzt. 10a, 10:17

Udal batzorde eta organo publikoetako arduradun eta ordezkarien izendapenez gain, alkatearen eta bi zinegotzi liberatuen soldatak onartu ziren atzoko ez ohiko plenoan. Alkateak 54.897 euroko soldata gordina jasoko du, aurrekoak baino %33 gehiago; oposizioko buru Alex Oliden (EHBildu) kontra agertu zen.

Maiatzaren 24an hauteskundeak egin eta ekainaren 13an alkatea izendatu ondoren, atzoko plenoan onartu ziren udal batzorde eta organoetako arduradunak eta ordezkariak –behean duzue zerrenda– . Aurrerantzean, beraz, lanean normaltasun osoz aritzeko moduan da Udal Gobernu berria.

Arduradun politikoen soldatak eta sariak ere atzoko plenoan onartu ziren, baina ez ika-mikarik gabe. Alkateak 54.897 euroko soldata gordina jasoko du; Udal Gobernuko beste bi kidek –Jon Iraola eta Gotzon Enbil– lanaldi erdiz egingo dute lan, 20.551 euroko soldata gordinaren truke. Kopuruak aurreko legealdiarekin alderatzen badira, alkatearen soldata %33 igoko da, lehen 41.022 eurokoa baitzen soldata gordina; eta zinegotzien kasuan, aurreko legealdiaren amaieran bakarra zegoe lanaldi erdiz liberatuta, 13.817 euroko soldata gordinarekin.

EHBildu igoera hauen kontra agertu zen plenoan. "Herritarrak politikoengandik gero eta urrunago sentitzen dira, eta horrelako erabakiek distantzia hori areagotu baino ez dute egiten; gure iritziz, lehen zeuden soldatak lana duintasunez egiteko modukoak ziren", kritikatu zuen Alex Oliden bozeramaleak. Horrekin batera, informazio eza salatu zuen: "Plenora etorri gara inolako informaziorik gabe, hemen irakurri duzuenean jakin dugu zuen erabakiaren berri, eta horrela bozkatu behar izatea ez dakigu legezkoa edo bidezkoa den".

"Diskurtso populista"

Oier Korta alkateak populistatzat jo zituen Olidenen hitzak, eta horrela azaldu zuen hartutako erabakia: "Alkatea da Udalean ardura handiena duen kargua, eta irizpide horretan oinarrituta erabaki da soldata maila altuena duten udal langileek baino maila bat gorago jartzea alkatearena; erantzunkizunak bere ordaina behar du". Informazio faltari dagokionez, arrazoitu zuen beraiek ere azken unera arte gaia ez zutela erabakita. Bere aldetik, PSEko zinegotzi Arritxu Marañonek Udal Gobernuaren erabakia babestu zuen. Aldundiak proposatutako soldata mailaren barruan dagoela adierazi zuen, inguruko gainontzeko herriekin orekan "edo pixka bat beherago". PSEk politikarien lana baloratzen duela esanez amaitu zuen Marañonek.

Udal Batzordeak

1. Partaidetza, Gazteria, Euskara, Hezkuntza eta ekonomia sustapena
Batzordeburu: Xabier Garmendia
Partaideak: Kristina Vicente, Nerea Eizagirre, Arritxu Iribar, Arritxu Marañon
Ordezkoak: Gotzon Enbil, Alex Oliden

2. Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna eta Etorkinak
Batzordeburu: Kristina Vicente
Partaideak: Oier Korta, Alex Oliden, Nerea Eizagirre, Arritxu Marañon
Ordezkoak: Jon Iraola, Ione Mugertza

3. Kirolak
Batzordeburu: Gotzon Enbil
Partaideak: Jon Iraola, Arritxu Iribar, Josu Arrieta, Arritxu Marañon
Ordezkoak: Kristina Vicente, Ione Mugertza

4. Kultura, Turismoa eta Merkataritza
Batzordeburu: Jon Iraola
Partaideak: Xabier Garmendia, Ione Mugertza, Joseba Azpiazu, Arritxu Marañon
Ordezkoak: Gotzon Enbil, Arritxu Iribar

5. Ogasuna eta Pertsonala
Batzordeburu: Marikruz Alvarez
Partaideak: Gotzon Enbil, Joseba Azpiazu, Alex Oliden, Arritxu Marañon
Ordezkoak: Oier Korta, Josu Arrieta

6. Hirigintza, Ingurumena, Obra eta Zerbitzuak, eta Udaltzaingoa
Batzordeburu: Oier Korta
Partaideak: Jon Iraola, Josu Arrieta, Alex Oliden, Arritxu Marañon
Ordezkoak: Marikruz Alvarez, Joseba Azpiazu

7. Kontu Berezien Batzordea
Batzordeburu: Marikruz Alvarez
Partaideak: Gotzon Enbil, Joseba Azpiazu, Alex Oliden, Arritxu Marañon
Ordezkoak: Oier Korta, Josu Arrieta

Zumaiako Tokiko Gobernu Batzarra
Oier Korta, Marikruz Alvarez, Gotzon Enbil, Jon Iraola eta Xabier Garmendia

Zumaiako Udaleko Organu Kolegiatuak

Urola Kostako Udal Elkartea
Oier Korta, Arritxu Marraron, Alex Oliden

San Juan Egoitza
Jon Iraola, Gotzon Enbil, Alex Oliden, Nerea Eizagirre, Arritxu Marañon

Musika Patronatua
Jon Iraola, Gotzon Enbil, Ione Mugertza, Joseba Azpiazu, Arritxu Marañon

Zumaiako Kirol Portua
Jon Iraola, Gotzon Enbil, Josu Arrieta, Alex Oliden, Arritxu Marañon

Kirol Patronatua
Jon Iraola, Gotzon Enbil, Arritxu Iribar, Josu Arrieta, Arritxu Marañon