Arraunlariak, logotipoa eta arropa berria aurkeztu ditu arraun elkarteak

Baleike 2015ko eka. 27a, 15:01

Telmo Deun A.K.E.ren logotipo berria eman dute ezagutzera gaur herriaren aurrean Arranplan egindako ekitaldian. Elkarteko arraunlariak aurkeztu dituzte banan-bana, eta Buatxabal etxeak diseinatutako arropa berritzailea ere erakutsi dute.

Azken aldian logotipoarekin izan diren gorabeherak amaitutzat eman nahi ditu arraun elkarteak gaur aurkeztu duen ikur berriarekin. Aita Mariren irudia mantentzea erabaki dute "Zumaian bi ikur dauzkagulako itsasoarekin lotuta, Telmo Deun eta Aita Mari", baina Buatxabal enpresak diseinatutako logotipo modernoa izango du gaurtik aurrera traineruak brankan. 

Jarraitzaileei zuzendutako arropari dagokionez ere, diseinu berritzaileak aurkeztu dituzte. Buatxabal enpresak egindako diseinuak dira, modernoak, estropadetarako baina baita kalerako ere pentsatuta daudenak, argazkietan ikus dezakezuen bezala.

Talde guztietako arraunlarien aurkezpena ere egin da gaur 13:00etan Arranplan. Ekitaldiaren amaieran Anjel Etxaniz presidenteak azaldu du aurretik traineru denboraldi itxaropentsua dutela, eta logotipoarekin izan diren ika-mikak amaitutzat ematen dituztela: "Denok elkarrekin, izan gaitezen denok norabide berean arraun egiten duen herria". Gainera, gogoratu du aurten Zumaiak 40 urte egingo dituela urtero trainerua uretan jartzen.